Euskadi 2. da Europako 30 eskualde puntakoenen artean

Leire Kortabarria 2012ko apirilaren 23a

Euskadiren Lehiakortasun Plana %91n betetzen dela ondorioztatu dute gaur I. Lehiakortasunaren Foroan batutakoek, Bernabe Unda Industria sailburuak gidatuta. Euskal ekonomiako lehen mailako 100 bat ordezkari batu dira han, Enpresa-Lehiakortasunaren 2010-13 Planaren lehenengo ebaluazio-txostenaz berba egitera. Horrez gain, hauxe azpimarratu dute: EAE 2. postuan dagoela Europako erreferentziazko 30 eskualdeen artean.

Enplegu "zifra txarrak" onartuta, Planaren helburua da esportazioak, turismoa eta I+G-ko inbertsioak kontsolidatzea, eta lehenengo aldiz baloratu da modu konpartituan Lehiakortasun Plan bat.

Euskal enpresen esportatze-maila, I+G-ko inbertsioa eta Euskadik turismoan lortu dituen "marka historikoak" izan dira adierazle onenak.

Beste ondorio positibo bat: ekonomia, gizarte eta ingurumen-adierazleetan lider diren Europako 30 eskualdeetatik 2. da EAE. Ekonomian, lehenengoa da, eta Europako 206 eskualdeetatik 8. da.

Txarrago kokatuta dago gizarte eta ingurumen alderdietan: erreferentziazko 30 eskualdeetatik 15. da, eta 206 lurraldeetatik 127. postuan dago. 

Hiru adierazle horiek batzen dituen adierazle globala hartuta, Euskadi 2. postuan dago, Ipar Westfalia (Alemania) lehenengo dagoela; eta 206 eskualdeak hartuta, 14. postuan dago. 

Erreferentziazko 30 eskualde europarren artean honako hauek ere badaude: Katalunia, Nafarroa; Piamonte eta Emilia Romana (Italia); Baden Wurttemberg (Alemania); West Midlands (Britainia Handia), Rhone-Alpes (Frantzia) edo Salzburgo (Austria). Besteak beste, honakoak hartzen dira kontuan: industriako eta teknologiako espezializazioa, bere ekonomiaren sektore-egitura, tamaina, demografia eta kokapena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak