Erakunde publikoen asmoak bestelakoak izanda ere, bidegorriak nagusiki aisialdirako erabiltzen dira Debagoienean. Gipuzkoako Foru Aldundiak azterketaren emaitzak kaleratu berri ditu eta Gipuzkoan ere berdin gertatzen da: bidegorrien erabileraren %75 oinezkoek egiten dute. Aldundiak, ostera, bidegorriak eguneroko mugikortasunerako bideak izatea nahi du, dela lanera iristeko, dela ikastetxera joateko ala ohiko garraioa ordezkatuko duen beste edozein mugikortasun behar betetzeko. Horretarako, plana aurkeztuko dute, aurki.
Aldundiak berak emandako datuen arabera, gurean, Mekolalde eta Soraluze artean egunean 600 joan-etorri egiten dira, baina paseatzen; Antzuola eta Bergara artean 500 inguru dira joan-etorriak, nagusiki aisialdikoak, Aretxabaleta eta Eskoriatzako zatian bezala. Hain zuzen, azken zati hau Aldundiaren proiektu baten sartu dute, lanerako joan-etorrietarako bizikleta sustatzeko.
Hobetze-plana
Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Departamentua pozik agertu da bidegorriek gero eta erabiltzaile gehiago dituztelako eta, batez ere, bizikletan egindako gero eta bidaia gehiago nahitaezko mugikortasunak eragindakoak direlako. Beraz, Aldundiak horretan lanean jarraituko duela adierazi du, mugikortasun eredu egokia lortu bidean.