Arrasaten:
El placer de leer argazki erakusketa ikusgai Kulturaten, maiatzaren 7ra arte (martitzenetik domekara, 17:30etik 20:30era).
Aretxabaletan:
Bookcrossing edo liburuak askatu ekimena egingo dute Kurtzebarri eskolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek. Herriko liburutegiarekin batera antolatutako ekimena da eta Aste Santuko opor egunetan irakurri dituzte liburuak. Gaur, astelehena, Bookcrossing ekimena zer den azalduko diete liburutegikoek ikasleei, eta jarraian, liburuak askatuko dituzte herrian. Bi eratara egingo dute: ezagun bati emanda, edo zuzenean herriko txoko batean utzita.
Irakurketa Maratoia, 18:00etatik 19:30era, Durana kalean (eguraldi txarrarekin Herriko Plazan). Ikasleak, irakasleak, gurasoak, taldeetako ordezkariak, eragileak… uneoro izango da norbait irakurtzen.
Gainera, gaurtik egubakoitzera, liburu eta disko truke azoka egingo dute Durana kalean, 16:00etatik 20:00etara; irakurketa maratoia ere egingo dute gaur Duranan, 18:00etatik 19:30era.
Bergaran:
Liburuaren Eguna ospatzeko, Amaia Arriaranen eskutik haurrei zuzendutako ipuin kontaketa izango da gaur, astelehena, Udal Liburutegian, 17:30ean. Era berean, astean zehar bisita gidatuak eskainiko dituzte, ikastetxeeetako haurrei (0-12 urte) zuzenduta. Nagusiendako, berriz, liburutegian jasotako dohaintzek eraginda, bikoiztuta dauden aleak izango dira eskuragarri.
Elgetan:
Liburuaren Nazioarteko Eguna den honetan, Maria Elena Eztenaga udal liburuzainak Herriko Plazan ipiniko du gaur bere mahaia. Urte osoan herritarrek liburutegira igo behar izaten dute liburu bila, baina gaur ez: liburuak jaitsiko dira Herriko Plazara.
Eztenaga plazan izango da 16:00etarako, eta, bertan, liburutegira iritsi diren azken nobedadeak erakutsiko ditu. Liburuak oparituko dituela ere adierazi du: "Liburuaren Eguna aprobetxatzen dut liburutegian garbiketa moduko bat egiteko. Iristen diren liburu berriei tokia egin behar izaten zaie, eta dagoeneko irakurrita ditugunak opari ematen ditut. Aurten ere badauzkat batzuk", adierazi du.
Udalak, bestalde, zaharberrituak izan diren Udal Artxiboko zenbait dokumentu historiko erakutsiko ditu gaur. Eztenagak ipiniko duen mahaiaren ondoan erakusleiho bat egongo da. Bertan, Elgetako Hiri Gutuna, antzinako osoko bilkuren akta liburuak eta material fotografiko ugari egongo dira ikusgai.
Eskoriatzan:
Egubakoitzeko liburuak trukatzeko azokaren ondotik, datozen egunotan ere askotariko ekintzak egingo dituzte, Kataia eten barik egitarauaren harira. Bihar, martitzena, generazio arteko trukea izango da zaharren egoitzan: han bizi direnekin batera, magia ikuskizuna egingo du Angel magoak, 17:30etan. Eguenean, ostera, ipuin kontaketa eskainiko du Peio Añorga kontalariak liburutegian, 18:00etan.
Horrez gainera, Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira, bestelako ekintzak gertatu dituzte. Gaur umeendako ipuin kontaketa dago liburutegian, 18:00etan, Almeneko DBH 2. mailako ikasleek gertatutakoa. Bestetik, bihartik eguenera bitartean, Almeneko DBH 4. mailako ikasleek egindako ikus-entzunezko muntaia poetikoa ikusteko aukera izango da toki berean, 16:30etik 20:00etara.
Azkenik, etzi, eguaztena, gaztelaniaz eta ingelesez eginiko irakurketa emanaldia egingo dute 18:00etan, Charles Dickensen jaiotzaren II. mendeurrena dela-eta.
Oñatin:
Aste osoan zehar, gaurtik domekara arte, Juan Kruz Igerabideren Jonas eta hozkailu beldurtia liburuan oinarritutako Adur, Adur, ez naiz hire beldur poesia aretoa ipiniko du Galtzagorri elkarteak. Haurrek beldurrari aurre egiteko literaturak eskaintzen dituen tresnak erakutsiko dituzte.
Poesia aretoa zabalik egongo da gaurtik egubakoitzera arte, goizez.
Bestalde, Pako Aristi idazleak hitzaldia egingo du bihar, martitzena, 19:00etan, kultura etxean. Euskal Herria: errealitatea eta utopia delako liburuan oinarritutako hitzaldia egingo du. Aristirenekin batera, Azurmendiren, Currinen, Zulaikaren eta Ibarretxeren gogoetak batu zituen liburua izango du hizpide. "Proposamen ausartak eta meditazio sakonak eskaintzen dituzte, nork bere ikuspegitik", diote. Pako Aristik alderdikraziaren kontrako salaketa egingo du, eta independentzia lortzeko estrategia eraginkor eta berehalako bat eskatuko du.
Eguaztenean, hilaren 25ean, tailerra egingo dute, haur liburutegian, 17:30ean. Hasteko, Anthony Browneren Kezkamuxelak ipuina kontatuko diete 6, 7, eta 8 urteko neska-mutikoei. Ondoren, parte-hartzaile bakoitzak pena-kentzaile bana egingo du, kolore ezberdinetako oihalak, zotzak eta hariak erabiliz.
Azkenik, eguenean, hilaren 26an, zineklub emanaldian, Jane Eyre pelikula emango dute (20:00). Umezurtz-etxe batean hezi eta haurtzaro gogorra izan duen neskato baten istorioa kontatzen du pelikulak.
Bestalde, Liburuaren Astea aprobetxatuz, Udal Liburutegiak bildumatik erretiratutako liburuak, eta errepikatutakoak ipiniko ditu bazkideen eskura.