Krisiari kooperatibek ematen dioten erantzunaz berba egingo dute adituek

Leire Kortabarria 2012ko apirilaren 23a

Eguenean, hilak 26, Kooperatiben erantzuna krisi ekonomikoari: estrategiak enplegua mantendu eta sortzeko delako jardunaldia izango da Donostian. Gezki-EHUk antolatu du topaketa, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Sailaren laguntzarekin, eta Gezkik Donostiako Ibaetako campusean duen egoitzan izango da. Jardunaldia denondako irekia da.

Antolatzaileen esanetan, krisi ekonomikoak eragindako enplegu-galtzea "orokorra" den honetan, "kooperatibak enplegua mantentzeko duen gaitasunagatik nabarmendu dira gainerako kapital sozietateek kontrolaturiko enpresa arrunten aurrean". 

 

 

Enpleguari eustea "lehentasun gisa harturik", kooperatibetan hartutako neurriak (soldata murrizketa, lanaldi murrizketa, mugikortasun funtzionala, etab.) aztertzea da helburua. Kooperatiben zuzendariek krisi egoeren aurrean langileak kudeatzeko aurkezten dituzten aukerak planteatuko dira, benetako adibideen bitartez. "Kaleratzeaz aparteko konponbideen balioa" azpimarratuko dute.

Bi hizlari

 

Jardunaldia 16:00etan hasiko da eta bi hizlari egongo dira. Lehenegoa Aitor Bengoetxea, EHUko Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko Irakasle Agregatua izango da, eta esparru teorikoari buruz egingo du berba: Lan zuzenbideak eta zuzenbide kooperatiboak aurkezten dituzten aukerak enpresa krisien aurrean: kaleratzeak eta bestelako neurriak.

Bigarren hizlariak, Francisco Javier Sanz Santaolallak, Elkarlan Koop. Elk.ko zuzendariak, esparru praktikoari buruzko hitzaldia egingo du: Enplegua mantentzeko kooperatibetan harturiko neurriak.

Jardunaldia Felipe Yarritu Díaz, Gizarte Ekonomiako eta Enpresen Gizarte Erantzukizuneko zuzendariak, eta Baleren Bakaikoa Azurmendik, GEZKIko zuzendari eta EHUko Ekonomia Aplikatuan katedradunak itxiko dute. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak