2012ko lehen hiruhilekoa bigarren onena izan da euskal turismoarentzat, joan den urteko errekorraren ondoren

Leire Kortabarria 2012ko apirilaren 23a

Aste Santuko turismo sasoia eta gero, Eusko Jaurlaritzak urteko lehen hiruhilekoaren inguruko datuak eman ditu: 422.000 turistak baino gehiagok eman dute izena euskal hoteletan, joan den urtean baino %1,3 gutxiago, baina aurreko urteetan baino askoz gehiago (2009an baino 60.000 turista gehiago iritsi dira Euskadira).

Lurraldea kontuan hartuta, Araba izan da turista gehiago izan dituen bakarra (%4,2). Bizkaiak %0,9 gutxiago izan du, eta Gipuzkoak, berriz, %4,3 gutxiago.

Joan den urtearekin alderatuta jaitsiera txiki bat izan bada ere, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak balorazio ona egin du, eta turismoa euskal ekonomiaren sektore estrategiko gisa bultzatzeko konpromisoa berretsi du.

Lehen hiruhilekoan, guztira 422.926 pertsonak hartu dute ostatu Euskadiko hoteletan. 5.641 turista gutxiago izan badira ere (% 1,3 gutxiago), 2012. urtearen hasiera euskal turismoaren historiako bigarren onena izan da.

Aurten jaso ditugun bisitarien kopurua duela hiru urte jasotakoarekin alderatuta, Euskadik lehen hiruhilekoan 2009an baino 60.000 turista gehiago izan dituela ikus daiteke.

Euskal Estatistika Erakundearen (Eustat) martxoko datuen arabera, Euskadiko turismoak bere historiako bigarren martxorik onena izan du aurten (170.166 sarrera). Iaz izan zen onena, 175.000 sarrera baino gehiagorekin,

Gipuzkoa izan da lehen hiruhilekoan turista gehien galdu dituen lurraldea : guztira, 2011n baino 6.479 gutxiago izan ditu (%4,3 gutxiago). Atzerriko turisten kasuan, joan den urtean baino 1.654 gutxiago izan dira. Espainiako turistei dagokienez, berriz, %4,5eko jaitsiera izan da (4.825 gutxiago). Nolanahi ere, 2012. urtearen hasiera Gipuzkoako turismoaren laugarren hasierarik onena izan dela nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak.

Ostatu-gauei dagokienez, lehen hiruhilekoan 752.346 izan dira guztira Euskadin, hau da, joan den urtean baino 18.921 gutxiago.

Nekazaritza-turismoko establezimenduetan, 18.843 sarrera izan dira lehen hiruhilekoan. Horrek esan nahi du % 2ko jaitsiera izan dela joan den urteko aldi berarekin alderatuta.

Kalitatea eta lehiakortasuna

Turismo Sailak "sektorearen kalitatea eta lehiakortasuna sustatzeko ahaleginari eutsiko" diola esan du, eta gainerako erakundeekin lankidetzan jardutea "espero" duela esan du, Euskal Turismoaren Lehiakortasun eta Berrikuntza Planaren eta Marketin Planaren inguruan politika batzuk garatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak