Etxebizitzetara bidalitako ohar baten arabera, Osakidetzak osasun arreta errazagoa eta eraginkorragoa egiteko asmoa erakutsi du. Horretarako, Osasun Aholkua telefono bidezko arreta zerbitzu berria jarri dute martxan, osasun arazo ohikoenei buruzko zalantzak osasun zentrora joan barik argitzeko.
943 20 30 20 edo 902 20 30 20 telefono-zenbakietara deituz gero, sistema automatikoak hartuko du deia, urteko 365 egunetan eta eguneko 24 ordutan. Sistema berria den aldetik, lehenengo deietan lasaitasuna eta pazientzia eskatzen du Osakidetzak. Telefonoz mediku, pediatra edo erizainarekin hitzordua eskatu dezake herritarrak, edota operadorearekin kontaktuan jarri larrialdi edo etxerako abisua eskatzeko, hitzordu aldaketak, etab.
Bestalde, Interneteko aplikazio berriaren bitartez, hitzordu presentziala edo telefonozkoa aukera dezake erabiltzaileak. Gainera, sistemak oroigarri bat bidaliko du, e-mailez, kode batekin, hitzordua web orrialdean kontsultatu edo ezeztatzeko.
Berrikuntza gehiago
Berrikuntzak aurrera doaz eta Osakidetzak laster aurkeztuko ditu beste batzuk ere: Osakidetzaren atari berria, gazteen bizi-estilo osasuntsuren sustapena, herritarren trebakuntza gaixotasunen aurrean nola jokatu jakiteko, gaixoen urruneko jarraipena, osasun alerta pertsonalizatuak, pazienteen gizarte sareak, etab.