Debagoieneko bost boluntariok eman dute izena Izeba Proiekturako

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko apirilaren 20a

Egoera zaurgarrian dauden adin txikikoen osaba-izeba gisa arituko dira haien integrazioan lagunduz.

Izeba proiektura pertsona edo familia boluntarioak batzeko asmoz Baketik-ek abiarazitako informazio-kanpaina oso balantze positiboarekin itxi da. Kanpainaren helburua egoera zaurgarrian dauden adin txikikoen osaba-izeba gisa jokatzeko gutxienez 30 boluntario gehitzea zen eta 39 boluntariora heltzea lortu dute. 

Boluntario horietako bost Debagoienekoak dira: bi Arrasatekoak, eta Aretxabaleta, Arrasate eta Oñatiko bana. Kanpaina horren aurretik beste bi boluntario zeuden Bergaran. Hortaz, zazpi boluntario daude Debagoienean Izeba Programan. 

Hobeto integratzea helburu 

Izeba proiektua Arantzazuko Baketik zentroak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Politikarako Departamenduak 2009an sinatutako hitzarmen baten bitartez jarri zen martxan. Proiektuaren ardatza Gipuzkoan bakarrik dauden adin txikiko atzerritarren, eta orain baita bertako adin txikikoen ere, osaba-izeba izateko prest dauden pertsona edo familia boluntarioen sarea sortzea da. 

Helburu nagusia gazte horiek gure inguruan hobeto integratzen laguntzea da eta berariazko helburua adingabeko horiei familiarteko erreferentziak ematea. Horrela, bizi diren harrera zentroaz gain, adingabeko horiek erreferentziazko familia bat izango dute, iloba bati eskaintzen zaion hurbileko tratua emateko prest. Familia horien zeregina honakoa izango da: gurasoengandik urruti dagoen ilobarengatik, ikasketak direla-eta esaterako, hurbil dagoen osaba-izebak egingo lukeena.

Zeregin horrekin lotutako ekintza zehatzak, besteen artean, hauek izango dira: astean behin etxera bazkaltzera edo txango batera gonbidatzea, aldiro telefonoz deitzea, arazo pertsonalak edo ikasketekin lotura dutenak konpontzen laguntzea, hizkuntza ikasten laguntzea, erosketak egiten laguntzea…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak