Gaur itxiko ditu ateak Lanbide Heziketaren azokak

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko apirilaren 20a

Arrasateko Kulturaten ireki zuten atzo eta ikasle asko ibili ziren. 18:00ak arte egingo da zabalik gaur.

Gazteen etorkizunean pentsatuta, formazioak orokorrean eta, bereziki Lanbide Heziketak eskaintzen dituen aukeren berri emateko azoka ireki zuten atzo, laugarrenez, Debagoieneko Mankomunitateak eta bailarako ikastetxeek Arrasateko Kulturaten. Goiaz! izenarekin, eskualdeko ikasle, langabe eta interesa duten guztiei dago zuzenduta eta oraindik joaterik izan ez duenak gaur ere badu aukera, 09:30etik 13:30era eta 16:00etatik 18:00etara egongo da-eta zabalik.

Atzoko eguna oparoa izan zen 

Ikasle asko ibili ziren atzo Lanbide Heziketa azokan –antolatzaileek 600 aurreikusi dituzte bi egunetarako–. 

Bailarako Lanbide Heziketako zentroek –hamar guztira–, formazio zentroek, enplegu zerbitzuek, ekintzaileendako zerbitzuek eta bestelako erakundeek jarritako erakusmahaiez gain, oso harrera ona izan zuten zenbait ikasleek egindako proiektuen erakusketek eta bisita gidatuek. 

Ekintza osagarriak ere izan ziren. Hala, goizean bi hitzaldi entzuteko aukera izan zuten bertaratutakoek: bat, ekintzaile gazteen esperientziena, eta bestea, atzerrira lanera joatearen gainekoa. Hain justu ere, atzo goizeko hitzaldietarako bete egin zen Kulturateko hitzaldi aretoa. Bailarako ekintzaile arrakastatsuek euren enpresak sortu zituztenetik izan duten esperientzia konpartitu zuten, lehenengo. Tartean, Alet taldeko Haritz Etxanizek gazteak animatu egin zituen ekintzaile izatera.

Gero, Mondragon Korporazioko Jokin Laspiur arrasatearrak, Txinan 9 urte bizi eta lan egin izan duenak, atzerrian lan egitearen inguruan jardun zuen. Haren hitzetan, "Lanbide Heziketa egin dutenak ere joan daitezke atzerrira. Lanerako gogoa da garrantzitsuena. Gure enpresak multilokalizatuak dira, eta beti beharko dute zuzendaritzan, ekoizpenean… lan egin nahi duen jendea". Bestalde, Violeta Morcillok, Lanbideko Eures aholkulariak, Europako lan-aukeren gainean ere hitz egin zuen.

Gaur hitzaldi gehiago 

Gaur, egubakoitza, azokarekin batera ekintza osagarri hauek egongo dira: 08:45etik 13:30era, ekintzailetasun tailerrak Garaionen eskutik; eta hiru hitzaldi ere egongo dira: 10:00etan, Profesionaltasun ziurtagiriak; 11:00etan, Enpresa eta formazioa izenekoa; eta 12:00etan, Lan-elkarrizketa nola prestatu (gaztelaniaz).

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak