Eroskiko presidenteak OCTV.ES-ek egindako elkarrizketa baten egin ditu adierazpen horiek. Kontsumo arduratsuaren gainean galdetu zioten, eta jendeak kontsumo arduratsua bere egin duela esan zuen, "baina, krisi ekonomikoa dela-eta, batez ere aurrezte aldera jotzen du, kontsumo iraunkorra dakarten produktu garestiagoak erostera baino". Gaineratu duenez, kontsumitzailea zabalik dago kontsumo arduratsurako gomendioetara, baina, krisiagatik, bere gastua mugatuta dago. "Hala ere, bere aurrekontua gainditzen ez den bitartean, ingurumena gehiago errespetatzen duten produktuekin sentsibilizatuta dago", azaldu du Markaidek.
Agustin Markaide arduratuta azaldu da, bere iritziz lehen baino okerrago kontsumitzen delako eta "loditasun-tasak oso larriak" direlako. Gaineratu duenez, Eroski "gogoz" saiatzen da "kontsumitzaileak nahikoa informazio izan dezan, elikadura hobea aukeratzeko". Era berean, "kontsumo hori ingurumen aldetik ere iraunkorragoa da: modu osasuntsuagoan kontsumitzen laguntzen duten produktuak ingurumenari kalte txikiena egiten diotenak dira".
Tokiko produktuak indartu
Eroskik 2012rako duen giza-erantzukizun lerroen inguruan galdetuta, Agustin Markaidek nabarmendu ditu Eroskiren produktu osasuntsuagoak: "Koipe trans eta gatz gutxiago dute, eta fibra gehiago". Baita tokian tokiko produktuak ere: "Tokiko produktuak indartzen ari gara. Bertan egindako produktu bat freskoagoa da, karbono-arrasto txikiagoa du eta gizartean inpaktu handiagoa du", azaldu dio OCTV.ES hedabideari.
Ikusi hemen elkarrizketa osoa (espainolez).