Mankomunitateko Garapen Agentziak eta Debagoieneko Lanbide Heziketa zentro guztiek antolatuta, ikastetxeek euren eskaintza plazaratzen dihardute gaur eta bihar. Gaur arratsaldean, 16:00etatik 18:00etara izango da zabalik; eta bihar, 09:30etik 13:30era eta 16:00etatik 18:00etara.
Goizean ikasleen bisita izan eta gero, arratsalderako helduena, langile, langabe zein gurasoen bisitak espero dituzte antolatzaileek.
Goizeko hitzaldietarako bete egin da Kulturateko hitzaldi aretoa. Bailarako ekintzaile arrakastatsuek euren enpresak sortu zituztenetik izan duten esperientzia konpartitu dute, lehenengo. Tartean, Alet taldeko Haritz Etxanizek gazteak animatu ditu ekintzaile izatera.
Gero, Mondragon Korporazioko Jokin Laspiur arrasatearrak, Txinan 9 urte bizi eta lan egin izan duenak, atzerrian lan egitearen inguruan jardun du. Bere hitzetan, "Lanbide Heziketa egin dutenak ere joan daitezke atzerrira. Lanerako gogoa da garrantzitsuena. Gure enpresak multilokalizatuak dira, eta beti beharko dute zuzendaritzan, ekoizpenean… lan egin nahi duen jendea". Bestalde, Violeta Morcillok, Lanbideko Eures aholkulariak, Europako lan-aukeren gainean hitz egin du.