Bukatu dira doako sendagaiak

Goiatz Arana Begiristain 2012ko api. 19a, 13:15

Pentsiodunek ere ordaindu egin beharko dituzte botikak, soilik prestaziorik gabeko langabeentzat eta pentsio ez kontributiboak jasotzen dituztenentzat izango dira doakoak aurrerantzean. Bihar, egubakoitza, onartuko ditu neurriok Espainiako Gobernuko ministro kontseiluak eta pare bat hilabete barru jarriko dira indarrean. Itxura guztien arabera, erkidegoak ere behartuta egongo dira betetzera. 

Osasun arloan 7.000 milioi euro murrizteko asmoz hartutako neurriak  dira eta Ana Mato Espainiako Osasun ministroak atzo, eguaztena, aurkeztu zizkien erkidegoetako kontseilariei.

Zehaztu zuen ez dutela osasun berrordainketarik ezarriko, "gobernuak ez baitu asmorik mediku kontsultengatik, ebakuntzengatik, erietxeetan gauak igarotzeagatik eta ospitaleetako janariarengatik kobratzen hasteko". Osasuneko berrordainketa ezarri ez, baina sendagaien berrordainketa zabaldu bai. Orain arte, sendagairik ez dute ordaindu erretiroa hartuta daudenek, baina aurrerantzean ordaindu egin beharko dute: zortzi eta hamazortzi euro artean hilean, jasotzen duten pentsioaren zenbatekoaren arabera. Langileei dagokienean, botiken %40 ordaintzen dute egun, baina %10 gehiago ordainduko beharko dute. Eta ordaindu egin beharko dute langabeek ere; soilik prestaziorik gabeko langabeentzat eta pentsio ez kontributiboak jasotzen dituztenentzat izango dira doakoak aurrerantzean; pentsio ez kontributiboak babesteko moduko behar egoeran dauden eta bizitzeko behar beste baliabide ez duten herritarrei eskaintzen zaizkien prestazio ekonomikoak dira.

Osasun turismoa

Etorkinekin ere zorrotz jokatuko du Osasun Ministerioak, "osasun turismoa galarazteko". Gobernuak eta erkidegoek legea aldatzea adostu dute, eta "Espainiara osasun zerbitzua erabiltzera soilik etortzea debekatuko" dute, "osasun turismoari amaiera jartzeko", eta "1.000 milioi euro aurrezteko".

Ana Matok aurrezteko neurriak direla azpimarratu zuen behin eta berriz. Ildo horretan, Espainia sendagai gehien kontsumitzen duen munduko bigarren herria dela azpimarratu zuen, eta gaineratu iaz 3.700 tona sendagai –1.200 milioi euro– zakarrontzira bota zirela.

Rafael Bengoa ados neurri gehienekin

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Rafael Bengoa ados agertu zen neurri gehientsuenekin, baina ez denekin, eta Espainiako Gobernuak erkidegoen iritzia kontuan izateko itxaropena adierazi zuen. Bilera egin aurretik, murrizketak osasunean egin ordez defentsan egiteko eskatu zion Madrili.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak