Prebentziorako 90.000 liburuxka baino gehiago banatuko dituzte mendizaleen artean

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko apirilaren 20a

Eusko Jaurlaritza, Euskal Mendizaleen Elkartearekin eta Gurutze Gorriarekin batera, mendizaleei zuzendutako prebentzio-kanpaina bat bultzatzen dabil. Liburuxka gehienak mendi magaletan banatuko dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren bidez, datorren maiatzaren 20tik aurrera, mendian ibiltzeko prebentzio-kanpaina bat jarriko du abian. Kanpaina horretan izaera didaktiko eta prebentiboa duten 90.000 liburuxka banatuko dituzte mendizaleen artean, gehienak EAEko mendi-magal nagusietan eta kirol proba jendetsuetan ere bai.

Liburuxkek, euskaraz eta erdaraz argitaratuta, mendiaren berezko arriskuez ohartarazten dute, eta aldi berean seguru ibiltzeko eta ingurumena errespetatzeko aholkuak eta gomendioak eskaintzen dituzte, ezbehar-tasa txikitzeko asmoz.

Mendian banatuko dituzte

Informazio-orriak Gurutze Gorriko boluntarioek banatuko dituzte zapatu eta domeketan, 07:00etatik 09:00etara, mendi magaletan, eta beti aldeko meteorologia dagoenean. Euskal Mendizaleen Federazioak, bere aldetik, banatuko ditu gainerako federazio eta elkarteen artean.

Honako lekuetarako sarbideetan banatuko dira: Gorbeia (Pagomakurreko eta Muruako aldeak) Aizkorri, Anboto (Urkiolako aldea) Txindoki (Larraizko aldea) eta Aiako harriak.

Kanpainaren sustatzaileen iritziz, horiek izaten dira, oro har, mendizaleek nahiago dituzten mendiak; eta ondorioz, horietan izan ohi dira bilatze- eta erreskate-lan gehienak.

Liburuxkak, Pyrenaica aldizkari espezializatuarekin batera banatuko dira eta Euskal Autonomia Erkidegoko mendi-taldeei bidaltzeaz gain, Euskalerriko Eskautak izeneko elkarteari ere (Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako scout elkartea) bidaliko zaio, honek bere bazkideei helaraz diezaien.

Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ekimen hau mendian ibiltzeko sentsibilizazio eta prebentzio kanpaina orokor baten barruan dago, eta hemendik gutxira hori osatzeko prestatzeko eta zabaltzeko ekintza gehiago programatuko dira.

Banaketa hasierako egutegia

  • Berehala egingo den banaketa: Klubak, mendiko federazioak eta aisialdiko elkarteak.
  • Pyrenaika aldizkarian: ekainean
  • Gurutze Gorriko boluntarioek hurrengo lekuetan hasiko dituzte liburuxkak banatzen:
    • Zegama-Aizkorri: 20-05 
    • Gorbeia: 26-05
    • Hiru Haundiak, Beasaingo aldean : 03-02
    • Gasteizeko eraztun berdearen bira: 06-03
    • Aizkorriko Bira: 06-16
    • Gasteizko Gaueko Ibilaldia: 06-30
    • Ehun Milla, Aizkorri, Aratz, Gorbeia: 07-13, 07-14, 07-15                                                      

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak