Gizarte diru-laguntza berria erroldatuta 6 hile daroatenek eskatu ahal izango dute

Leire Kortabarria 2012ko apirilaren 18a

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur jakinarazi du Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntza berri bat onartuko duela, lurraldeko herritarren bizitza baldintzak hobetzeko eta Eusko Jaurlaritzak aplikatutako murrizketa sozialek eragindako "huts larria" betetzeko, Martin Garitano diputatu nagusiak eta Ander Rodriguez Gizarte Politikako diputatuak esan dutenez.

 

Prestazio sozial horren bitartez gutxieneko diru-sarrera batzuk bermatu nahi zaizkie Euskadiko Autonomia Erkidegoan hiru urtetan erroldatuta ez egoteagatik Eusko Jaurlaritzak babes saretik kanpo utzi dituen pertsonei.

Eusko Jaurlaritzak urte batetik hirura handitu du EAEn erroldatuta egoteko gutxieneko denbora, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE, gaztelaniaz RGI) jaso ahal izateko.

Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Ander Rodríguez Gizarte Politikako diputatuak ekimen berri hori aurkeztu dute gaur.

Gizarte Politikako Departamentuaren aurreikuspenen arabera, Gipuzkoan 600 lagun inguru geratuko dira prestazio ekonomikorik gabe. Prestazio hori inolako sarrerarik ez dutenei edota oinarrizko beharrei edo gizarteratzeko prozesuari aurre egiteko nahikoa maila ez dutenei ematen zaie. Beraz, zifra hori gehitzen joango da pixkanaka eta, horrela, hiru urtetan bakarrik, "Gipuzkoan ia 1.800 pertsona egongo dira pobrezia eta babesik gabeko egoeran", esan du Foru Aldundiak. 

Halaber, diputatu nagusiak adierazi duenez, murrizketa horiek ekarriko dute, besteak beste, "presioa handitzea" Gipuzkoako Aldundiak eskaintzen dituen gizarte zerbitzuen gainean. 

Bi laguntza kendu eta berria ezarri

Dekretu berriaren bitartez orain arte izan diren bi laguntza kenduko dira, "ez baitira egungo egoerara egokitzen", eta beste laguntza bat jarriko da, hau da, Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntza. Zehazki, laguntza hauek kenduko dira: Gizarteratzeko Prestazio Ekonomikoa (orain arte ordaindu zaie, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren gainerako baldintzak betez, urtebeteko gutxieneko erroldatze epera iristen ez zirenei) eta Banakako Diru Laguntza (prestazio zaharra eta diru gutxikoa, Bizkaian eta Araban kendu zena, Gizarteratzeko Prestazio Ekonomikoa pentsioen osagarri gisa ezarri zenean).

Horien ordez prestazio bakar bat onartzen da, zehazki, pertsona guztientzat baldintza hauek ezartzen dituen Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntza: Gizarteratzeko Prestazio Ekonomikoaren baldintzak betetzea, erroldatzearen gutxieneko aldiari buruzkoa izan ezik; kasu honetan sei hilabetekoa izango da.

Prestazio hori 600 eta 900 euro bitartekoa izango da hilean, familia unitatearen kopuruaren arabera; beraz, lanbide arteko gutxieneko soldataren % 80 eta 120 izango da. 

Datorren astean, batzarrak

Arduradunek azpimarratu dute Aldundiak egin beharko duen "ahalegin ekonomikoa", bere aurrekontuak erabiliko baititu laguntza berria ordaintzeko. Gizarte Politikako Departamentuaren aurreikuspenen arabera, 1,4 milioi euro inbertitu behar dira aurten, 5 milioi euro 2013. urtean, eta 8,3 milioi euro 2014an; izan ere, gero eta jende gehiago sartuko da laguntza horien sistemaren barruan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak "ezinbestekotzat" jotzen du alorrarekin zerikusia duten kolektibo sozial eta profesionalen iritzia jasotzea. Horregatik, datorren astean, kolektibo horien eta Gizarte Politikako zuzendaritza taldearen arteko bilerak izango dira.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak