Enpresei laguntzeko lau programa onartu ditu Foru Aldundiak

Leire Kortabarria 2012ko apirilaren 17a

Abenduan adostu zuten Bilduk eta EAJk krisiari aurre egiteko aurrekontuetatik diru-partida batzuk erabiltzea. Orain, diru hori zehazki zertan erabili adostu dute. Asmo guztietaz zehatz mehatz informatuko dute Aldundiko ordezkariek eskualdez eskualde; Debagoienera hilaren 24an etorriko dira, Garaia Berrikuntza Gunera, hain zuzen ere.

Foru Aldundiaren iritziz, "garbi geratu da orain arteko garapen ereduak porrot egin duela, beharrezkoa dela krisitik ateratzeko bide berriak urratzea, eta horretan berebiziko garrantzia ematen diogu tokiko garapenari". Eskualdeei garatzen laguntzeko, 2,4 milioi euro ipiniko ditu Foru Aldundiak.

Diputatuen Kontseiluak Gipuzkoako enpresei zuzendutako lau laguntza programa onartu ditu gaur. Ekonomia Berraktibatzeko Plana: haren helburua krisi garai hauetan enpresen lehiakortasuna indartzea da, gazte kualifikatuen kontratazioa sustatuz eta produktu, prozesu eta makinaria berritzea sustatuz. Horrez gain, eta antolaketari dagokionez, langileen partaidetza sustatzen da.

Internalizazioa laguntzeko bi ildo ere badaude: bata, kanpoan ekoizpen gune berriak eraikitzeko, hartara Euskadi planta nagusietako lanpostuak sendotzeko; eta bestea, produktu berriak kanpoan merkaturatzeko. Eta Zientzia eta Teknologia Sarea laguntzeko programa. Lau programa horiek, martxoan onartu zen mikroenpresen berrikuntza digitalaren programarekin batera, 14,5 milioi euro dira.

Hurrengo asteetan, Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko Departamentuak Diputatuen Kontseiluaren onarpena eskatuko du enpresa berriei laguntzeko zenbait programari, bizitza osoko ikasketari eta IKTei dagokienez. Guztira, 20 milioi euro izango dira Gipuzkoako enpresak sendotzeko bideratuko direnak. Horiek guztiak Gaindituz lelopean izango dira. 

"Ahalegin handia" egingo duela esan du Foru Aldundiak, "baina Gipuzkoako gizarteak egiten duen ahalegina da", izan ere, Aldundia "jakitun" da enpresak direla Gipuzkoako "ekonomiaren eta enpleguaren oinarria". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak