Eusko Jaurlaritzak Global Training izeneko 400 beka eskaintzen ditu; beka berriak dira. Ehun bat beka Kutxa, BBK eta Caja Vital Kutxaren Gizarte Ekintzen bitartez finantzatuko dira, sinatu duten hitzarmenaren arabera. Gainerako 300 bekak Jaurlaritzak berak ordainduko ditu.
Beka horiek goi-mailako unibertsitateko tituludunei ez ezik, erdi-mailako tituludunei eta goi-mailako Lanbide Heziketako (LH) titulua dutenei ere zuzenduta daudela. Adin-muga 30 urtean finkatu da baina gainerako baldintzak bete behar dira, hau da, ingelesez edo beste zenbait hizkuntzatan ongi moldatzea eta administrazio-egoitza Euskadin izatea gutxienez azken urtean. Eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 30ean hasiko da.
Praktikaldi horretan, hasieran, 40-60 orduko prestakuntza teoriko espezializatua jasoko da eta, jarraian, 6-12 hilabeteko praktikaldia egingo da atzerrian dauden enpresa eta erakundeetan.
Bekak jasotzeko eskaerak aurkeztu nahi dituzten gazteek 945 01 99 96 telefono-zenbakira dei dezakete edo, bestela, honako helbide elektroniko honetara mezu bat idatzi: comercio-ext@ej-gv.es.
Kutxek 1,5 milioi ipiniko dute
500 beka horiek 2010-2013ko Enpresa Lehiakortasuneko Planean Ekonomia Irekia lortzeko ekimenen barruan daude. Jaurlaritzak nazioartekotzeko 32 beka eskaini zituen 2009an. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak berak 7,5 milioi euro bideratuko ditu 500 beka horietarako —hiru urtekotan banatuta— eta Kutxabank osatzen duten euskal kutxek beste 1,5 milioi. Hiru Gizarte Ekintzek batera sustatzen dute ekimen hori. Izan ere, "lehentasunetako bat" gazteen langabeziari aurre egitea dela esan dute sinatzaileek. 2011. urtean soilik, BBK, Kutxa eta Vital Kutxak 2.100 plaza baino gehiago eskaini zizkieten EAEko gazteei hainbat beka-programatan.