Gipuzkoako Gazteentzako Informazio Sareak biztanle guztiei, bereziki Gipuzkoako gazteei, eskura dituzten doako zerbitzu eta produktu guztiak ezagutarazteko aprobetxatu gura du aukera. Arrasaten, esaterako, goizean –eguraldiak laguntzen badu– informazio mahaiak aterako dituzte bulego kanpora, euren lana ezagutzera eman eta bertan duten informazioa herritarrei gerturatzeko; musikarekin girotuko dute bulego ingurua.
Horrekin batera, lan berezia egingo dute sarean ere: aurtengo egunaren lema oinarri hartuta, twitterren #informationrightnow hasthtaga erabiliko dute gaur, egunaren berri eman eta egindako lana ikusgarri egiteko.
'Gipuzkoangazte.info' bloga, erreferente
www.gipuzkoangazte.info blogean, lana, hezkuntza, etxebizitza, astialdia eta beste gai interesgarri batzuei buruzko informazioa aurkitu daiteke eta, horrez gain, aukera ematen du izena emateko doan hainbat herritan argitaratzen diren gazteentzako informazio buletinetan eta mugikorrean SMS alertak jasotzeko zerbitzuan. SMS zerbitzuan 2.200 harpidetza baino gehiago izan dira, eta buletina dagoeneko 4.300 harpidedun baino gehiagok jasotzen dute.
Gipuzkoangazte.info bloga Gipuzkoako gazteen artean erreferente bihurtu da: 2011 urtean 351.000 bisita inguru izan zituen, 2010ean baino 71.000 gehiago. Gipuzkoako Gazte Informazioko sarea osatzen duten bulegoak eta Lurralde Zentroa lankidetzan aritu izanaren emaitza izan da hori.
Gazte informazioa jaso nahi dutenek gipuzkoangazte.info blogaren bidez, posta elektronikoz eta mugikorrez egin dezakete, eta orain baita sare sozialen bitartez ere: facebook, google+, twitter edota tuenti.
Gazteentzako Informazio bulegoetan ikasleen, irakasleen eta aterpe-kideen nazioarteko txartelak ere egin daitezke.
Bulegoak
Debagoienean, Arrasaten eta Oñatin daude Gazte Informazio bulegoak. Gipuzkoako sarea kontsultatzeko, jo www.gipuzkoangazte.info/bulegoak helbidera.