Egueneko hitzaldiaren ondoren, XIX. mendeko abestiak eskainiko dira, karlistadekin lotutakoak hain zuzen. Egubakoitzean, 1840. urtean Besarkadaren hitzarmena gogoratzeko egin zen bezala, Brokel-dantza dantzatuko dute Xamatzeko kideek.
1833an hasi zen Lehen Gerra Karlista eta Maroto jeneral karlistak eta Espartero jeneral liberalak 1839ko abuztuaren 31n sinatu zuten hitzarmena Barrenkaleko Irizar jauregian. Aste Santuaren atarian Irizarren zabaldutako erakusketak bi atal ditu: atariko sarreran, eskuinaldean, Bergarako besarkadaren nondik norakoak azaltzen dira. Era berean, Maroto eta Espartero jeneralen tamaina errealeko figurak daude, Mikel Ibarzabal Era berean, sarreraren ezkerreko aldean, Irizar jauregiko lorategiaren eta jauregiaren alderdi historiko-artistiko esanguratsuenak batzen dituen egitura jarri dute ikusgai.
Besarkadak. Bergarako bake hitzarmena gogoan izenburuko liburuxka kaleratu dute, euskaraz eta gazteleraz, erakusketako lagungarri gisa. Hain zuzen ere, testuak egubakoitzean Bergaran hizlari izango den David Zapirainek eta Juan Carlos Morak idatzitakoak dira.
Erakusketa iraunkorra
Aipatutako liburuxka Turismo Bulegoan izango da eskuragarri. Aste Santuan eta Pazko astean zabalik egon da Turismo Bulegoa udaletxean eta ekainean zabalduko dute berriz, udako denboraldiari begira. Bisita gidatuetan, geralekuetako bat bilakatu da Bergarako besarkadaren gaineko erakusketa. Irizarreko erakusketari dagokionez, esan bezala, erakusketa iraunkorra da eta egunero zabalduko dute: astean zehar 10:00etatik 20:00ak arte eta zapatu eta jai egunetan goizez zabalduko dute, 10:30etik eta 13:30era.