Bigarrenean ere, lehenengo zatian erakutsitako nagusitasuna erakutsi zuen talde oñatiarrak. Ahaleginak esperotako emaitzak eman zituen eta, bigarren zatiko 15. minutuan, baloia aurkariaren atean sartzea lortu zuten. Unai Bikuña izan zen golegilea.
"Aurrera begira, oso garrantzitsua izan da gaurko partidua, ez emaitzagatik, baina bai, azkenaldian ez bezala, joko ona egitea lortu dugulako. Azken partiduetan joko faltan geunden eta gaur hori berreskuratu dugu", esan zigun Azkargortak partidu bukaeran.
Liga bukatzeko sei jardunaldiren faltan, eta mailari eusteko arazo barik, Aloña Mendiren helburua izango da ahalik eta partidu gehien irabaztea eta atzokoa bezalako jokoa egiten jarraitzea.
Bergarak 2-1 galdu zuen
Nahiz eta joko aldetik Urolak baino gehiago erakutsi, Bergarak ez zuen lortu puntu bakar bat ere ekartzerik. Lehen zatian ondo aritu ziren Neka Galanen mutilak, baina jaurtiketetan ez zuten asmatu. Asmatu zuena Zumarragako taldea izan zen, bi estrategia jokalditan partiduko bi golak egitea lortu baitzuen.
Lehenengo zatian etxeko taldeak bergararren atera bi jaurtiketa egin eta biak sartu zituen. Atsedenaldiaren ostean, mahoneroek estrategia aldatu eta erasora atera ziren. Estrategiak funtzionatu zuen, baina ez gura bezain beste, izan ere, gol bakarra sartzea lortu zuten; Urrutia izan zen golegilea.