Egubakoitz Santuan eta Pazko Domekan izan zuten jende gehien Arrikrutzen. Denetara, 800 bisitari inguru pasa dira kobetatik; iaz baino %12 gehiago. Turisten jatorriari dagokionez, atzerritik etorritakoak izan diren arren, kataluniarrak esaterako, gehienak euskaldunak izan dira; baita gure bailarakoak bertakoak ere.
Aurten, gainera, umeei zuzendutako bisita berezi bat ere egin dute. Pazko asteko egunean egin zuten eta zerrenda bete egin zen, jendea kanpoan ere gelditu zen.
Oñati ezagutzen
Oñatin ere egin dituzte bisita gidatuak. Pazko asteko zapatuan eta domekan izan dute jende gehien; zapatuan, adibidez, hiru bisita gidatu egin zituzten. Hala ere, turismo bulegotik adierazi digute nahiko motelak izan direla bi asteak. Besteak beste, Alicante, Zaragoza, Teruel eta Asturiasetik etorritako jendea izan dute, baina hemen ere euskaldunak izan dira nagusi.
Bestalde, Gatzagako gatz museoko arduradun Aitziber Gorosabel pozik azaldu da eta balorazio positiboa egin du. 70 lagun inguru pasa dira museotik, gehienak familiak eta euskaldunak.
Ostatuak ez dira bete
Ostatuak, berriz, ez dira bete. Antzuolako Ibarre landetxean ez da beste urteetan adina jende izan eta Elgetako Eguzkitza ere erdi beteta egon da. Arrasateko Uxarte ostatutan eta Santa Ana hotelean ere ez dute jende asko izan. Arantzazuko Santutegiko hotelean, baina, okupazio altua izan zuten Aste Santuan eta Eskoriatzako Azkoaga Enea hotelean orain arteko Aste Santurik onena izan dute.