Juan Mª Martinez de Illarduia aguraindarra izango da Arantzazuko frantziskotarren probintzial berria datozen sei urtetarako. Eta bere laguntzailea, ordezkoa, izango da Joxe Mª Arregi oñatiarra. Bi horiek eta gaur arratsaldean aukeratuko dituzten beste bost lagunek osatuko dute gidaritza taldea. Eta 7 laguneko gidaritza talde hori bi hilabetean behin elkartuko da egun hauetan Arantzazun adostuko duten programa aurrera ateratzeko.
Datozen hiru urte hauetako lan ildo nagusiak bi izango direla aurreratu du Arregik: "egiten dugun lana kalitatezko lana izatea eta komentuen itxiera. Gero eta gutxiago gara, gero eta zaharragoak, eta aurreikusten dugu urtean komentu bat itxi beharko dugula. Aztertu behar dena da nongoa, horren zergatiak eta han daudenen egoitza berria. Prozesu luzea eta gogorra izango da, burokraziagatik eta sentimenduengandik".
242 frantziskotar
Arantzazuko frantziskotarrekin batera, Bizkaia, Nafarroa, Santander, Burgos, Valladolid, Soria edo Madrileko beste 19 frantziskotarren egoitzak ere probintzia berean sartzen dira. Erromatik bidalitako “bisitatzailea”, Valentziako frantziskotar bat kasu honetan, aipatutako 20 komentu horietan egon da, hango egoera aztertzen eta hango frantziskotarren kezkak, iritziak eta aurrera begira dituzten aukerez berba egiten. Hor jasotako informazioarekin txosten bat egingo du Erromara bidaltzeko. Eta berdin egingo du Probintzial berriak ere.
Momentu honetan 242 frantziskotar daude Arantzazukoen Probintzial beraren babesean: horietatik 174 penintsulan daude eta 47 Paraguay, Bolivia, Korea, Kuba eta Sto. Domingoko misioetan.