Azken asteetan, inguruko herri guztietan, gai bat nagusitu da: "atez ate" zaborraren bilketa.
Atez ateko zabor bilketa egingo zela jakinarazi zigutenetik, alarma guztiak piztu ziren eta bai kaleetan bai edonon, gai hau orokortu zen. Batzuk alde beste batzuk ordea, kontrako jarrera adierazten, eta abar. Kontra edo aldeko ekintza ugari antolatu dira gaia azaldu ahal izateko; batzuk zero zabor filosofia azaltzen eta beste batzuk, atez ateko aurkako sinadurak biltzen eta zaborra batzeko sistema berri honek zein desabantaila ekar ditzakeen adierazten.
Gure eguneroko bizitzarengan eragin handia izango duenez, oso gai garrantzitsua bihurtu da bat-batean herritarrentzako. Zaborra oso arazo larria bihur daiteke ondo kudeatzen ez badugu eta horregatik, Ezker Anitza-IUtik, gai honen eztabaida zabaldu eta sakondu egin behar dela pentsatzen dugu; eta horretarako herriaren partaidetza ezinbestekoa da.
Bide egokia aukeratu ahal izateko edo kudeatzeko modu hoberena aurkitzeko, informazio zabal eta zehatza eman behar zaio herriari, eta zera jakin behar dugu: zer den errauskailu bat ipintzea, zenbat zikintzen duen eta zein koste dituen – bai ekonomiko zein ingurumenari begira- eta abar luze bat. Beste alde batetik, garrantzitsua litzateke zaborraren bereizketak, birziklapenak eta organikoarekin konposta egiteak dakartzan onurak azaltzea.
Zabor bilketa eztabaidaren gakoa, batzeko sisteman datza. Gure hauteskunde kanpainako programan, atez atekoaren alde azaldu ginen, eta sistema horren aldeko apustua egiten jarraitzen dugu. Hala eta guztiz ere, herritarrekin batera hartu beharreko erabakia dela uste dugu, galdeketen bidez.