Bi urte potoetan olioa batzen

Irati Goitia 2012ko apirilaren 11

Bi urte dira Eko3r enpresak olioa biltzeko makinak jarri zituela Arrasaten eta urtebete bailaran jarri zituela. Enpresatik balorazio positiboa egiten dute.

Lehen, sukaldean erabilitako olio bilketa, puntu berde mugikorraren bitartez egiten zen. Orain, poto eta makinen bidez egiten da, eta sistema aldaketak izan du eraginik, izan ere, batutako olio kopuruak nabarmen egin du gora; zehazki, boskoiztu egin da.

Lehengo sistemarekin, Arrasaten esaterako, 20.000 biztanlerekin 4.000 litro inguru jasotzen ziren urtean; orain, makina eta potoekin, 20.000 dira jasotzen diren litroak. Aldea nabarmena da.

Hala ere, Eko3r enpresako Eñaut Ruiz de Eginok adierazi digu, askoz gehiago egin daitekeela. Izan ere, berak adierazi digunaren arabera, pertsonako olio litro bat jasotzen da urtean Arrasaten, baina arrasatear bakoitzak, lau litro olio hondakin sortzen omen ditu urtebetean: "Oraindik bada kontzientziatu gabeko jendea eta ezer birziklatzen ez duena, arlo horretan egin behar dugu lan".

Kontzientziatzea garrantzitsua da, izan ere, arraskatik behera botatako olio litro bakoitzak 1.000 litro ur kutsatzen ditu. Eta are gehiago, araztutako koipe kilo bakoitzak duen kostua, bi euro eta erdira iritsi daiteke.

Bailaratik haratago

Eko3r enpresa bailaratik kanpo ere badabil hedatzen. "Bizkaia eta Arabako hainbat herritan jarrita ditugu makinak. Orain, Hernanin gara sartzekoak. Bestalde, joan zen urtean Katalunian ere jarri genituen eta Albaceten gabiltza lanean une honetan" zehaztu digu Ruiz de Eginok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak