Egueneko bisita gidatuan, esaterako, 15 bat lagun irten ziren Oñati ezagutzera. Horrez gain, Edurne Urteaga turismo bulegoko arduradunak Aste Santuan eta hasi berri dugun Pazko Astean bisitariak nondik etorri ohi diren azaldu digu.
Arantzazuko Santutegiko hotelean, esaterako, joan den eguenetik domekara arte okupazio altua izan zen. Hoteleko arduradunek azaldu digute fedeak gidatutako turismoa badagoela oraindik. Era berean, Euskal Herriko txoko ezberdinak ezagutzera datozenen kasuak ere aurkitu ditugu gurean.
Bestalde, ibarreko beste zenbait txokotan irakurketa bestelakoa da. Arrasateko Uxarte ostatuan eta Santa Ana hotelean ez dute jende asko izan logeletan. Eskerrak atzoko eguraldi onari, inguruko jendea eguna pasatzeko erakarri zuelako.
Eskoriatzako Azkoaga Enea hotelean, berriz, orain arteko Aste Santurik onena izan dute. Eguenean, egubakoitzean eta zapatuan ia beteta egon zen hotela. Bisitarien artean, gehienak Bartzelona eta Madrilgoak izan dira. Eta, bitxikeria moduan kontatu digute, Euskal Herriko Itzulira etorritako kazetari britainiar batzuk ere izan zituztela hotelean.