Aste Santuan Gipuzkoa ezagutzeko sei plan

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko apirilaren 4a

Gipuzkoa ezagutzeko sei plan izeneko ibilbide gida kaleratu dute Aldundiak eta Kutxak. Gomiztegitik Arantzazura arteko ibilbidea eta Aizkorrirako igoera daude, besteak beste.

2009an Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Kutxaren artean abian jarri zen Mendiz-mendi, Mendez-Mende egitasmoaren barruan eta 2010ean mendi-ibilbideak jasotzen zituen bolumen handiko webgunea eta topogida bildumaren arrakastaren ostean, mendira ibiltzera joate hutsak asetzen ez dituztenentzat Gipuzkoak eskaintzen dituen beste turismo-aukerekin lotuko eta bateratuko dituen gida publikatu dute Kutxa Ekoguneak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Aste Santuan Gipuzkoa inguruan izango direnentzako aproposa.

Naturaz gozatu, familian

Gipuzkoa ezagutzeko sei plan alternatibo eskaintzen dituen gida hau 3 hizkuntzatan kaleratuko da (euskara, gaztelania eta ingelesa) eta egun pasa naturarekin kontaktuan eman nahi duten familiei zuzenduta daude. Izan ere, ia petsona guztiek egiteko modukoak dira, batez ere Gomiztegi baserria eta Aizkorri lotzen dituena.

Gidak proposatzen dituen plan hauek Gipuzkoako eremu geografiko guztia hartzen dute: kosta, barrualdea eta mendialdea. Bestalde, gure eremu geografikoaren ondare zabal eta aberatsa ezagutzeko aukera izango dute ibilbideak egiten animatzen direnek: Zumaiako antzina-antzinako flyscha, Talaia bideko pirata eta kortsarioen istorioak, Aiako Harria, Pagoeta, Aizkorri-Aratz edo Aralarko sekretuak…

Gainera, ibilbideez gain, informazio osagarria ere badu gidak: jatetxeak, ostatuak, museoak, leku ikusgarriak... ere jasotzen ditu, egun osoko irteera borobiltzeko asmoarekin.

Sei plan, sei ibilbide

Gipuzkoa ezagutzeko sei plan izeneko gida honek proposatzen dituen planak gauzatzeko ibilbide gidatuen egutegia ere prestatu dute. Hala, hilabetero, 2 astean behin, Gipuzkoako parketxeetatik abiatuta ibilbideak burutzeko aukera izango da. Hiru ordu inguru iraungo dute eta 10:00etan abiatuko dira guztiak. Hemen ibilbideok:

  • Apirilak 8: Pagoeta, Iturrarango parketxetik abiatuta.
  • Apirilak 22: Aiako Harria, Kausoroko aparkalekutik abiatuta, Oiartzundik Artikutzara doan errepidea (GI-3631).
  • Maiatzak 6: Aralar, Lizarrustiko parketxetik abiatuta.
  • Maiatzak  13: Aizkorri, Arantzazuko parketxetik abiatuta.
  • Ekainak 3: Flyscha, Zumaiako Amaia plazatik abiatuta.
  • Ekainak 17: Talaia, Hondarribiko arrantzaleen portuko aparkalekutik abiatuta.

Gidok turismo bulego eta parketxeetan egongo dira eskuragarri, dohain eta www.gipuzkoamendizmendi.net eta www.ekogunea.net helbideetan ere kontsulta daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak