Esteban Agirre: "Elizak ez du asmatzen ebanjelioa herriak sumatzen dituen beharretara egokitzen"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko api. 10a, 02:00

Eutsi Berrituz kristau-taldea kritikoa da Eliza ofizialak daroan bidearekin. Errealitatetik urrun ikusten du eta aldarrikatzen du ebanjelioa herritarren beharretara interpretatzea, egungo "benetako arazoei" aurre egiten laguntzeko. Gipuzkoako Eliza ofizialak datozen bost urteetarako prestatu duen Pastoral Egitarauarekiko ere irakurketa kritikoa egiten du Eutsi Berrituz taldeak, eta salatzen du ez dituztela kristau talde laikoen iritziak kontuan izan.

Zer da, zehazki, Eutsi Berrituz?

Gipuzkoako hainbat fededunen talde bat, kristau talde bat, hainbat urtean, Gipuzkoako Elizarekin batera, elkarlanean jardun duena. Orain arteko bideari eutsi nahi diona, berritu behar dena berrituz. Gure asmoa ez da elkarte bat sortzea edo alderdi politikoen antzera aritzea, alderdi politikoen helburua delako beraien ideologia finkatu eta agintea eskuratzea. Guk ez dugu nahi Elizaren agintea eskuratu. Behe mailako fededunak gara. 

Zerk bultzatu zintuen taldea osatzera?

Ikusten genuen Munilla gotzainaren izendapen berri honekin bazetorrela berrikuntza bat. Ez berrikuntza bat herritarrek edo bertako eliztarrek eskatzen zutena, baizik eta aurretik egindakoa desegitera zetorrena. Lanean ari ginenoi ezer kontsultatu gabe, goitik, oso goitik, hartutako erabakia zela. Aldaketak hitz eginda egiten dira, ez inposatuta. Orain arte egindakoari eutsi eta etengabe berritzen joan, horixe da gure taldearen espiritua. Beste Eliza bat nahi dugu. Elizaren norabidea oinarrizko fededunekin kontsultatuta adostu behar dela.

Ez dute hala egin?

Ez. Goitik eta helburu jakin batzuekin hartutako erabakiak dira. Batetik, gotzainaren beraren izendapena. Bestetik, ikasturte honetan hasi eta hurrengo bost urteetarako osatu duten Pastoral egitaraua, Berak gida gaitzala izenekoa, ez dituzte gurekin adostuta egin. Azken unean kontsultatu digute, baina, gainera, iradokizunak ez dituzte aintzat hartu. Ez zaigu jokabide egokia iruditzen.

Zergatik ez zaituztete aintzat hartzen?

Gotzainak esan du talde gisa legeztatzen garenean Elizaren barruan, orduan hartuko gaituztela aintzat. Edozelan ere, ez dugu hori egin nahi. Badira gurekin bat datozen pertsonak, izen eta abizena dutenak, eta batzuk apaiz ere badirenak, eta horien iritziak ez dituzte aintzat hartu. 

Gaur egun agintzen duen Elizak hartu duen bidearekin kezkatuta zaudete?

Oso kezkatuta. Herri honek badituelako bere kezkak, bere galderak… eta guk horiei egin nahi diegu aurre: arazoak aztertu eta kristautasunez erantzun. Baina gaur egungo Elizak ez du hori egiten. Guretako erreferentzia, jarraibidea, ebanjelioa, Jesus, da; ez Elizaren hierarkia edo agintariak. Herri honen lehentasunei ez die erantzuten gaur egungo Elizak. Hori argi geratu da Berak gida gaitzala izeneko Pastoral egitarauan.

Zeintzuk dira herri honen kezka nagusiak, zuen ustez?

Elizak herritarren benetako arazoei egin behar die aurre. Hankak lurrean behar ditu, egunerokoari erantzun. Esaterako, herri honek urte askoan bizi duen gatazka egoerari ez dio behar bezala erantzuten Elizak. Iaz urriaren 20an mugarri garrantzitsu bat jarri zen, ETAk behin betiko jardun armatua uzten zuela iragarri zuenean. Baina horri ez dio behar bezala heldu Elizak. Bestalde, krisi ekonomiko gogorra bizi dugu. Pertsonak daude hori sufritzen. Etxebizitza galtzen, lanpostuak galtzen… Eta denok dakigu egoera injustu hori nortzuek sortu duten: ahaltsuenek, botere faktikoek. Eta, Elizak, horren aurrean, ez du ahotsik altxatzen. 

Eliza eguneroko errealitatetik urruntzen doala sumatzen duzue…

Bai. Elizaren hierarkia bai. Familia, abortua, dibortzioa, ezkondu aurreko harreman sexualak… halako gauzekin dago kezkatuta gaur egungo Eliza ofiziala. Horien inguruan euren iritzia ematen dute eta hainbat kolektibok manifestazioak antolatu dituenean gai horien gainean, gotzainak samaldan joan dira haiekin. 

Vatikanoko Kontzilioan hartutako bidea baztertu egin du Elizak?

Bai. Horixe da egiten dugun irakurketa. 1965ean amaitu zen Vatikanoko II. Kontzilioak leiho bat ireki zuen. Haize berria sartu zen. Irizpide batzuk eman ziren. Eta irizpide horiek, zela edo hala, behe mailetan ezartzen joan ziren. Baina, azkeneko urteotatik hona, eten egin da hori. Haize berria ezin dutelako kontrolatu. 

Gaur egun, Eliza Katolikoa geroago eta kontserbadoreagoa da?

Ez naiz sartuko halako irakurketak egiten. Guk diogu Elizak ebanjelioa hartu behar duela aintzat. Ez Ratzingerrek edo Munillak diotena, Jesusek dioena baizik. Esaterako, iaz azaroan egin genuen bilkura bat Arantzazun, Baketik-en, eta han elkartu ginen 500 lagun, bakerako eta bizikidetzarako urratsak egiten hasteko. Uste dugu hori dela bidea. Izan ere, bakegintzan izugarrizko lana daukagu egiteko. Berradiskidetzea da orain inportanteena eta hori ezingo du ETAk egin, ez dakit ze erabaki hartzen duelako, eta ezingo du Gobernuak bakarrik egin, bere aldetik egin. Hori herriak egin behar du. Barkamena zela ulertu behar dugun, biktimek ze paper jokatu behar duten, biktimak eragin dituztenek zer egin beharko luketen… Hori guztia uste dugu herritarrok erabaki behar dugula. 

Gaur egungo jendarteak fede-krisia bizi duela uste duzu?

Bai, hori agerikoa da. Baina zeinek izan dezake gogoa, ikusita ze kolore daukan gaur egungo Elizak, murgiltzeko ebanjelioan? Ikusita zerk mugiarazten duen eta zeren aurrean isiltzen den. Zoritxarrez, kontua ez da ebanjelioa lekuz kanpo dagoela. Uste dut gaurkotasun osoa duela. Elizak ez du asmatzen ebanjelioko gauzak herriak sumatzen dituen beharretara egokitzen. Ebanjelioaren berba publikoki agertzen denean, dibortzioarekin eta halakoekin lotzen da. Eta gai horiez ari bada behin eta berriro Eliza, bada, jendea uxatu besterik ez du egiten. 

Arantzazuko azken erromesaldian, zapatukoan, 2.000 lagunek hartu zuten parte. Azken urteotan baino gutxiagok. Zergatik izan daiteke hori?

Iaz hemengo herri batetik joan zen erromesaldira autobus bat eta aurten izena eman dute sei lagunek. Adierazgarria da. 

Debagoienean ere badiharduzue lanean, ezta?

Bai, bai, hemengo jendea ere badago gure taldean. Hilean behin elkartzen gara. Eta apirilaren 28rako Donostian topaketa  antolatu dugu bakerako urratsak egin ditzagun, geldirik egon barik urrats txikiak egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak