1. Nola daroazu Koldorengandik banandu izana?
Ondo. Egun gutxi daramatzat oraindik baina ondo; bizitza aurrera doa, beste lan batean nago... Gainera bizitza ez da lana bakarrik; beste gauza batzuk ere betetzen dute: familiak, seme-alabek, lagunek...
2. Zergatik orain?
Beti arrazoi asko daude: gidoigileak nitaz aspertuta egon behar zirela uste dut, zer asmatu jakin gabe; ez nengoen pozik ETBko zuzendaritzarekin, euskarazko produktuekiko eta Goenkale-rekiko ezaxola apur bat zegoelako; eta banuen beste gauza batzuk egiteko asmoa eta irakaskuntzan aukera sortu zen.
3. Zer erakutsi dizu Koldok?
Koldok, ez dakit; Goenkale-k asko. Koldok Iñigo hezi du aktore eta pertsona moduan; gure bizitzak batera joan dira: oso gazte hasi ginen Goenkale-n eta orain adin bat dugu. Aktore profesional moduan hezi, hazi eta ikastea ekarri dit.
4. Batez ere hasieran, Goenkale-k tabu asko hautsi zituen. Nola bizi izan zenuten?
EHUn fenomeno soziologiko moduan ere ikertu zuen! Kalera irten eta maitasun guztiarekin, baina jendea gainera botatzen zitzaizun... Izugarria baina polita izan zen.
5. Aktore lanei, betirako agur?
Inoiz ezin da ezeri aterik itxi baina presarik ere ez daukat. Ondo dago distantzia hartu eta egindakoari begirada botatzea.
6. Eta orain irakaskuntzara.
Aurrez ere ibilita nengoen begirale moduan-eta. Orain serioago egongo naiz; momentuz oso gustura nago, asko ikasten, lankide berriak ezagutzen... Hau ere aberasgarria da.
7. Ikasleek, zer esaten dizute?
Ez naute asko ezagutzen; Bilboko ikastetxe baten nago, eta Bilbo oso zabala da. Gero begiratu dute Googlen, badakite aktorea naizela eta uste dut harro daudela. Ez ezagutzeak ez nau arduratzen, nahiago nuen inguru ezezagun batera mugitu eta gauza biak ez nahastea.
8. Erredakziotik galdera: kontziente zara duzun euskal sex-symbol famaz?
Ez, Ondarroan bizi naiz, bi seme-alaba ditut... Euskal George Clooney? Norbaitek horrela ikusten banau, ongietorria izan dadila, baina ez dut neure burua horrela ikusten.
9. Urtebetez Las Vegasen bizi izan zinen.
Kazetaritza amaitu eta 25 urterekin joan nintzen lehengusu amerikanuan etxera. Niretzat pasada bat izan zen, uste dut begirik itxi ere ez nuela egin; jendeak horterotzat du, baina denborarekin beste gauza batzuk topatzen dituzu.
10. Iñigo Larrinaga geldigorra dela esango bagenu...
Horrela da, ezin naiz geldi egon, beti zerbait egiten egon behar naiz. Nekatu arren, horrelakoa naiz eta horrek mugitzen nau borrokatzera eta gauzak ilusioarekin egitera.
-----------------
Makila magikoa baneuka: "Gauza pila bat egingo nituzke: krisi hau amaituko nuke; politika eta egoera ekonomiko honetan jarraituta, dugun lehendakaria kendu egingo nuke, ez zait gustatzen-eta; egon gabe nago, eta Greziara joango nintzateke; niretzat eta familiarentzat osasuna eskatuko nuke... Behin edukiz gero, ez nuke makiltxoa askatuko!"