Egueneko grebaren ostean badagoela "zer egin" diote sindikatuek

Usoa Agirre 2012ko apirilaren 2a

Lan-erreformaren kontra joan den eguenean egin zen grebak "jarraipen zabala" izan zuen gure ibarrean, sindikatuen arabera. Grebaren erantzunarekin gustura izan arren, "lanean jarraitu beharra" dagoela diote sindikatuek.

LAB sindikatuko Jose Ramon Kortabarriak esan digunez, "aukera ezberdinak lantzen" jarraituko dute eta epe motzera negoziazio kolektiboko eremua "blindatzen" saiatuko dira: "Orain arte langileek zituzten erreferentziak herrialde bakoitzeko hitzarmen kolektiboak ziren eta hori errespetatzeko lanean jarraituko dugu, lan-erreformak hitzarmen horiek gainetik pasatzen baititu". Datozen asteetan proposamen bat landuko dute LABen, negoziazioa nola bideratu jakiteko. Sindikatuaren asmoa da gainerako sindikatuekin adostasunera iristea eta planteamendu bakarra egitea, "guztiok batera zeren alde borrokatu behar dugun zehaztu nahi dugu", esan digu Kortabarriak. LABen helburua izango da, beti ere, herrialdeetako hitzarmen kolektiboei eustea: "Orain CCOOk eta UGTk negoziatuko dute patronalarekin Espainian, baina Euskal Herriko egoera guztiz ezberdina da eta guk hemen negoziatu nahi dugu".

ELAko Amagoia Lasagabasterrek ere orain arte moduan lanean jarraituko dutela adierazi digu: "Joan den egueneko grebarekin ikusi zen langileak antolatzen ari direla eta agintariek hori kontuan hartuko zutela pentsatzen dut. Gakoa da guztiok antolatzea sektoreka, enpresaka,... antolatu eta ez isolatzea". Lan-erreformak borroka kolektiboa "deuseztatu" duela dio Lasagabasterrek eta orain "guztiz kontrakoa" egin behar dela: "Antolatu behar dugu Espainiako lan-erreforma gelditzeko eta beste eredu sozial baten alde lanean jarraitzeko".

Murrizketak

Espainiako gobernuak murrizketekin jarraituko duela seguru daude bi sindikatuetako ordezkariak. Lasagabasterren hitzetan, "ez daukate bukaerarik" murrizketek, "eremu pribatuan lan-erreformarekin eta eremu publikoan bestelako neurriekin". Lasagabasterrek gehitu du: "Erreforma hau ez dago krisitik irteteko. Erreforma hau dago pentsatuta garai berriak datozenean guztia desorekatuta izateko eta betiko moduan aberastasuna gaizki banatzeko". Murrizketen bidean jarraituko dutela dio ELAko ordezkariak, "ez baitute beste aukerarik landu nahi".

Kortabarriak ere argi esan digu: "29ko grebarekin ez da ezer bukatzen. Lehengo erreformez gain etorriko dira beste batzuk; zaku horrek ez dauka bukaerarik". Orain arteko hitzarmenei eusteko tresnak lortzeko ahaleginak egingo dituzte LABen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak