Mikel Irizar Topaguneko presidente

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko apirilaren 1a

Mikel Irizar da Topagunea Euskara Elkarteen Federazioko presidente berria. Durangon atzo egin zuten Batzar Nagusian aukeratu zuten euskara elkarteek presidente berria, sei urtez karguan egon den Karmen Irizarren ordez. Mikel Irizar, besteak beste, Goiena Komunikazio taldearen bultzagile nagusi eta Goienako lehen zuzendari nagusia izan zen.

"Eraldaketa batean dago mugimendua, indarberritzen ari gara"

Euskaldunon elkarteen mugimendua eraldaketa prozesu sakon batean dagoela nabarmendu dute Topaguneko ordezkariek eta, eginkizun horretan, presidente berriak hartuko du Zuzendaritza Batzorde berritua gidatzeko ardura.

Erronka handiekin heldu dio Zuzendaritza Batzordeak lanari. Izan ere, Euskal Herriko 96 euskaldunon elkarte batzen dituen federazioak mugimendu izaeran sakontzea da hurrengo urteotako helburu nagusia eta horrekin batera, hizkuntza komunitate honen garapenerako mezu eta diskurtso berria gizarteratzea.

Erronka eta eginkizun berrituak

2011 urteko balorazioa egiterakoan gogora ekarri dute otsailean Bilbon egindako euskaldunon elkarteen mugimenduaren Kongresua. Hausnarketa horretan, mugimenduaren norabidea irudikatu zuten euskaldunon elkarteetako kideek; "euskaldunon elkarteen oinarriparrak" izeneko ponentzian jaso zen norabide hori.

2012an mugimenduaren antolakuntza eta jardunbidearen gaineko gogoetarekin burutuko da euskaldunon elkarteen gaineko Kongresua, irailean egingo den azken bilkuran.

Testuinguru horretan aurkeztu ditu Topaguneak 2012rako helburu eta ekintza lerro nagusiak.

Batetik, mugimendua bera egituratzeari begira maiatzaren 19an Azkoitian egingo den Gunea eguna aurkeztu dute, euskaldunon elkarteen egitasmo interesgarrienak aurkeztu eta trukatzeko baliatuko den eguna.

Horrekin batera, euskaldunon elkarteen mugimenduaren eginkizun modura azpimarratu dute gizarte eragileek hizkuntza komunitatea indartzeko duten garrantzia eta erantzukizuna aldarrikatzea; irailean egingo den Kongresuan, barne antolaketaren gaia aztergai izateaz gain, eginkizun horretan sakonduko da.

Tokikom enpresa

Bestetik, euskarazko tokiko hedabideak une erabakigarrian daude, eta Topagunearen aurtengo erronken artean sektorea egituratzea dago; bide horretatik bereziki azpimarratu dute duela bi aste sortu zen Tokikom enpresa. Azkenik, ahalegin berezia egingo dute jakintza eta transmisio ildoetan sakonduz; izan ere, mugimenduaren prestakuntzari arreta berezia jarri nahi zaio, belaunaldi berrietan inbertsioa eginez bereziki.

Bazkide berri bi

Azken urtean Federazioan bazkidetza eskatu duten bi elkarteri ere eman die ongi etorria Batzarrak: Info-Aiaraldea elkartea (Aiaraldea) eta Murkondo elkartea (Ataun).

Bazkide berriak kontuan hartuta, guztira 96 elkartek osatzen dute Topagunea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak