Beste neurri batzuen artean, Aurrekontu Orokorren barruan hauek onartuko dira: funtzionarioen soldatak izoztuta jarraitzea eta haien lan-astea 35 ordutik 37,5 ordura pasatzea; eta hainbat funtzionario motaren lanpostu berritze-tasa %10ean uztea.
Bada, beste neurri gogor bat elektraindarraren tarifa handitzea izango da, eta hori ere gaur onartzekoak dira. Apirilaren 1ean, domeka, handituko da. Oraindik ez dute zehaztu zenbat: Jose Manuel Soria Industria eta Energia ministroak esan duenez, Azken Baliabideko Tarifa %5 eta %7 artean handituko dute.
Kasu honetan, Auzitegi Gorenak emandako agindu bat bete behar du Espainiako Gobernuak. Horren arabera, pilatutako tarifa-defizitak -norberak ordaintzen duenaren eta elektrizitate-enpresari elektraindarra sortzea kostatzen zaionaren arteko aldea- urterako ezarritako muga gainditu du, eta atzerapenak ordaindu egin behar dira. Bada, pilatutako tarifa-defizita 24.000 milioi eurokoa da. Hala ere, Soriak esan zuenez, horren "zama" ez dute osorik kontsumitzaileek ordainduko; hala balitz, "tarifa %40 handitu beharko litzateke", gaineratu zuen Soriak. Hala, garestitzea hiru zatitan banatuko dela azaldu zuen: bat kontsumitzaileen bizkar, beste bat operatzaileena, eta beste bat Estatuak ordainduko du.