Mondrak derbia baino askoz gehiago du jokoan bihar

Xabier Urtzelai 2012ko martxoaren 30a

Azken urteetan Mondra ez da derbi baten atarian halako puntu beharrean egon (16:30, Mojategi). Arrasatekoek asko dute jokoan, geratzen diren zortzi partiduetatik seguruenik sei garaipen beharko dituztelako kategoriari eusteko.

"Ulergarria da jendeak pentsatzea amore eman dugula, baina ezta gutxiago ere. Hurrengo bi partiduak etxean ditugu, Aloñaren kontrakoa eta Hondarribiaren kontra atzeratu zena. Eta bi partidu horiek irabazten baditugu Aste Santu ostean gauzak beste modu batean ikusiko ditugu", adierazi du Jon Muruamendiaraz entrenatzaileak. 

Oñatiko taldea izango da bihar Mojategin: "Eurak baino puntu behar handiagoa dugu, eta azken partiduetan bolada txarrean daude. Baina noski, ezin gara konfiantza larregirekin zelairatu, partidu zaila izango delako". Beste aulkian egongo den Andoni Azkargortak onartu digu ez daudela onenean: "Sailkapeneko azken postura jaitsi ginenean izandako erreakzioa ordaintzen ari gara. Hamabost partidutan gure onena eman behar izan genuen zulotik irteteko, eta espero genuen bolada txar hau. Fisikoki behera egin dugu, eta jokoan ere igarri dugu hori. Arrasatekoekin dugun harremanagatik, eta ikusita zelan dauden, ez nago zapatuko partidua iristeko amorratzen, baina guk garaipena behar dugu Aste Santu ostean larri ez ibiltzeko". Aste Santuko oporraldiak on egingo die bi taldeei, baina aurretik lana dago egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak