Africa Baeta: "Bruce Springsteenek nire erlijioa ematen dit"

Txomin Madina Milikua 2012ko mar. 29a, 02:00

Jaiotzez kataluniarra eta sentipenez iruindarra, milaka informatibo ordu ditu bizkarrean pantaila txikiko irribarre distiratsuenetakoa duen aurkezleak; baita pasio bat ere: The Boss.

1. Kamera baten aurrean lehen aldia izan zen...

Duela 20 urte izango zen, toki hedabide baterako casting batean; hartu egin ninduten, gainera! Oso lotsati gogoratzen dut nire burua. 

2. Zer da aurkezle moduan zure burutik gehien gustatzen zaizuna?

Oso kritikoa naiz nire buruarekin, baina, luparekin begiratuz gero,  gehien gustatzen zaidana da ni neu izaten saiatzen naizela beti, ez itxurak egiten dituen aurkezle bat.

3. Jar iezaiozu titularra egun bizi dugun momentu informatiboari.

Trantsizio historikoa bizi dugu, bai Euskadin eta baita munduan ere. Mundu mailan sostengaezina zen sistema erori da, eta orain, berreraiki egin behar da.

4. Eta egoera horretan, zein izan behar du hedabideen zereginak?

Errealitatea erakustea, egia osoa; eta gai ekonomikoak, medio askotan zaila den arren, era objektiboenean. Ikuslea inoiz baino kritikoagoa da eta informatuagoa dago; gure lana egia esatea da, ikusleek gertatzen dena ikusi eta erabakiak har ditzaten. 

5. Berriki itxi dute Canal 4 Navarra, zure lehen etxea. Lanbidea ez dago poztasun handitarako...

Momentu tristea da, bai gizartean, eta baita kazetaritzan ere. Itxi zutenean, aspaldiko lankideak elkartu ginen, eta gehienak langabezian daude. Gogorra da balio handiko profesionalak lan barik ikustea. 

6. Bartzelonan jaio eta hazi arren, iruindartzat duzu zure burua. Nola konkistatu zintuzten?

17 urterekin heldu nintzen ikastera eta uste dut adin horrekin hasten zarela bizitza eraikitzen: senarra ezagutu nuen, familia sortu, lagunak egin... Iruñean hazi nintzen pertsona moduan. 

7. Zertan igartzen dira zure sustrai kataluniarrak?

Oso deserrotua naiz, eta arazoa da; nagoen lekukoa sentitzen naiz, une garrantzitsuenak bizitako lekukoa. Akaso, burugogortasunean igarriko zaizkit; xuhurtasunean, ez.

8. Zer ematen dizu Bruce Springsteenek?

Nire erlijioa. 16-17 urtetik jarraitzen dut. Abestietan, bizitzako hamarkada bakoitzean gertatzen dena deskribatzen du; oso identifikatuta sentitzen naiz haren mezu eta izaerarekin. Askotan ikusi dut kontzertuan; bira honetan, seitara joango naiz.   

9. Iruñean bizi, Bilbon lan. Nola egin ez zoratzeko ekuazioari hiru seme-alaba gehitzen badizkiogu?

06:30etik 01:00ak arte gelditu gabe nabil, baina eskerrak ematen ditut dena egin ahal dudalako. Nabaritzen hasi naizena egunean errepidean ematen ditudan lauorduak dira.

10. Egunen baten ikusiko zaitugu Gaur Egun-en?

Ea hala den! Euskararekin oso traketsa naiz, ikasten dihardut, baina oraindik ez dut menderatzen. Baina ez dut baztertzen...

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Umeei sufrimendua kenduko nieke. Umeak errugabeak dira; ez daude gizartearen edo gizakien makurkeriarekin kutsatuta eta hiltzen direla edo sufritzen dutela ikustea ikaragarria iruditzen zait. Sirian berriki gertatu dena ikusi eta ez erakundeek ezta guk ere ezer ez egiteari injustizia itzela deritzot".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak