Lankidetza. Horixe izan da gaur Garaia Berrikuntza gunean egin duten Mondragon Open Innovation saioko hitz gakoa.
Mondragon Open Innovation Mondragoneko Business Acceleration Center eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailaren arteko elkarlanaren fruitua da. Eta helburu du merkatuko beharrei erantzungo dien produktu, zerbitzu eta negozio berriak sortzeko eta merkaturatzeko elkarlan aukerak sustatzea.
Horixe adierazi du Jose Mari Aldekoa Mondragoneko Kontseilu Orokorreko lehendakariak: “Mondragon Open Innovation esperientzia aitzindaria da, berrikuntza irekiko jardunbide aitzindaria. Eta bere helburua da aukera eta negozio berrien sorrera bultzatzea, dibertsifikazioa eta Mondragon taldeko enpresen lehiakortasuna hobetzea elkarlaneko berrikuntzaren bitartez”.
Ekitaldian izan den Bernabe Unda Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuak ere, ildo beretik, adierazi du unibertsitateko eta zentro teknologikoetako ezagutza, balio ekonomiko bilakatu behar dela. "Euskadi lehiakor bat lortzeko, lehenik gure enpresak lehiakorrago bilakatu behar ditugu eta horretarako beharrezkoa da politika jakin batzuk martxan jartzea; eta uste dut gaur hemen aurkezten gabiltzana horretan aurrera egiteko bidea dela".
Lanpostuak sortu
Gaineratu du proiektu berritzaile honen aspekturik garrantzitsuena dela negozio eta merkatu aukera berriak bideratuko dituela; eta, hala, lanpostu kualifikatuak sortuko direla.
Berrikuntza irekiko prozesu hau bost hilabetez luzatu da eta guztira 153 ekarpen jaso dira. Horietatik interesgarrienak aukeratu dira –39- eta eztabaidagai izan dituzte gaurko jardunaldian, teknologia eta merkatu esparruen arabera sailkatutako saioetan.
Bernabe Undak aurreratu du ekinbide hau beste arlo batzuetara hedatuko dela orain, zehazki, enpresa txiki eta ertainetara.