Hizkuntz ofizialaren erabileraren inguruko planaren betetzeari buruzko 2011ko txostena aurkeztu eta 2012ko plana onartu du goizean Diputatu Kontseiluak.
2011koari dagokionean, aurrerapausoak ematen ari dira eta egoera aldatzen ari da, Aldundiko prentsa oharrean jasotzen denez: "Euskara zerbitzu hizkuntza huts izatetik, lan hizkuntza izateko bidean urratsak egin dira; besteak beste, jendaurreko ekitaldietan, tresna informatikoen moldaeran, itzulpen irizpideetan, langileen prestakuntza ikastaroetan eta dokumentuen sorkuntzan". Eta departamentuei dagokienez, datu bat azpimarratzen du: batez beste, 6 puntu egin duela gora denetan. Baina indarguneak ez ezik, ahulguneak ere aipatzen dira prentsa ohar horretan: kontratu administratiboetan, oro har, hirutik batean bakarrik betetzen dela hizkuntza irizpide eraginkorrak ezartzea eta jarraipena egitea; eta Aldundiaren benetako lan hizkuntza euskara izateko bidean, hutsune nabarmenak daudela langileen eguneroko jardunaren ikuspuntutik begiratuta (dokumentuen sorkuntza, herritarren harrerako lehen hitza, informatika tresnen erabilera edo lan bilerak).
Oro har, 04/2009 Foru Dekretuan xedatutakoak % 62,54an bete ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak 2011n, hizkuntza ofizialen erabilera planaren bitartez.
Gipuzkoako Foru Aldundian hizkuntza ofizialen erabilera kudeatzeko 2012ko planari dagokionez, 6 puntuko hobekuntza orokor bat ezarri du helburu moduan, 2015erako Aldundiko zerbitzu guztietan herritarren arreta euskaraz egiteko aukera bermatzeko.
Horrez gain, Aldundian euskara laneko hizkuntza eragingarria izateko bidean, zerbitzu edo atal jakin batzuetan euskara lan hizkuntza gisa ezartzeko plangintza intentsiboak egitea aztertuko dute; Aldundiko alor funtzional batzutan, euskara lan hizkuntza izateko plan zehatzak antolatzea; eta azkenik, laneko eremu informalean euskararen erabilera areagotzeko sentsibilizazio ekintzak gauzatzea Aldundiko langileen artean.
Mendekotasun arina duten pertsonei dagokien prestazioa ordainduko diete
Diputatuen Kontseiluak 1. graduko 2. mailako pertsonei prestazioak jasotzeko eskubidea aitortzen dien Foru Dekretua ere onartu du gaur. Hala, Gipuzkoako Foru Aldundiak mendekotasun arina duten pertsonei dagokien prestazioa ordainduko die 2012an, Espainiako Gobernuak diru laguntza hori jasotzeko eskubidea blokeatu eta gero.
PPk Mendekotasun Legearen aplikazioan ezarritako urtebeteko atzerapenak ez du eraginik izango Gipuzkoako herritarrengan, Aldundiak bere gain hartuko baitu prestazio hori.
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu bezain pronto eskatu ahal izango dira laguntzak. Gizarte Politikako Departamentuaren kalkuluen arabera, 300 herritar inguru izango dira Gipuzkoan eta 325.000 euro bideratuko dira aurrekontutik ordainketa hori egiteko 2012an. Gaur egun, 1.381 herritarrek kobratzen dute prestazio hori.
Bateraguneko auzipetuak aske uzteko eskaera
Bihar, eguaztena, Auzitegi Gorenak Bateragune auziaren helegitea aztertuko du Madrilen. Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacinto 10 eta 8 urteko kartzela zigorrera kondenatu zituen Auzitegi Nazionalak ETAkoak izatea leporatuta.
Auziaren kontra azaldu da Diputatuen Kontseilua, Auzitegi Nazionalak emandako ebazpena bertan behera uzteko eta bost auzipetuak aske uzteko eskaria eginez: "Lan politikoa egiteagatik atxilotu zituzten, ziklo aldaketa ekarri duen lan politikoari ekiteagatik, hain zuzen ere. Ez euskal herritarren gehiengoak, ez eta nazioarteko iritzi publikoak ere, ez du ulertzen ez onartzen Bateragune auzian kondenatutako bost euskal herritar hauek kartzelan izaterik. Ez du onartzen, egoera berri honen aurrean, espainiar estatuak urrats positiborik ez ematea".
Martxoaren 29ko grebarekin bat
Diputatu Kontseiluak martxoaren 29rako deitutako grebarekin bat egitea erabaki du eta, beraz, Aldundiko kargu politikoek greba egingo dute etzi.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren ustez, erreforma hauek ongizate estatuaren aurkako neurriak dira eta prekarietatea eta bazterketa areagotzea baino ez dute ekarriko. Eta gaineratu du "norabide latz horretan" lehen urratsa baino ez direla izango, eta laster etorriko direla gehiago. Horregatik, kalera aterako da: "Erreformek sektore publikoari ere eragiten diote nabarmen eta Gipuzkoako Aldundiak badaki sektore publiko indartsurik gabe ezin zaiola ongizate estatuari eutsi eta ezin zaiola bazterkerian oinarritutako ereduari aurre egin. Aldundi honek iparra argi du, eta norabide horren defentsan kalera aterako da".