Bizardunak, Esne Beltza, La Pegatina... Badator Mundumira!

Txomin Madina Milikua 2012ko martxoaren 27a

Maiatzaren 18tik 20ra egingo da aurtengo Mundumira jaialdia eta  Leintz Gatzaga eta Eskoriatza izango dira kultur aniztasunaren erakusgarri bihurtuko diren herriak. Esne Beltza eta Bizardunak taldeen kontzertuak eta Slow Food azoka dira besteak beste, aurtengo egitarauko ekitaldi garrantzitsuenetakoak. Goizean Leintz Gatzagako udaletxean egindako prentsaurrekoan aurkeztu dituzte aurtengo nondik norakoak.

Aurreko edizioetan legez, bost kontinenteetako musika, antzerkia, gastronomia eta artisautza ezagutzeko aukera emango du aurten zortzigarren edizioa beteko duen eta maiatzaren 18tik 20ra bitartean egingo den Mundumira jaialdiak.

Berrikuntzekin dator gainera, bi herritan egingo da-eta: Leintz Gatzagari zegokion aurten jaialdiaren testigua jasotzea, eta halaxe izango da. Baina Eskoriatzaren laguntza izango dute horretarako; bertan egongo dira aparkalekuak, eta baita gaueko ekitaldi eta kontzertuak ere. Egunean zeharreko ekintzak aldiz, Leintz Gatzagan egingo dira gehienbat.

Errepidea, itxita

Leintz Gatzagan ez dago nahiko aparkaleku jaialdira joango diren guztien autoak jasotzeko; horregatik, maiatzaren 19 eta 20an, errepidea itxi eta autobus bereziak jarriko dituzte, maiztasun ezberdinak izango dituzten autobusak.

Jaialdiak iraungo duen egunetan egin beharreko lanak egiteko, herritarren laguntza eskatu dute Leintz Gatzagako Udaletik. Hiru esparrutan egin beharko lukete lan boluntarioek: txosnan, garbitasuenan eta zirkulazioan.

93.000 euroko aurrekontua izango du aurten Mundumirak, iaz baino zerbait gutxiago, eta Debagoieneko Mankomunitatea, Ginmusica eta Euskal Herria aldizkaria dira antolatzaileak.

Kontzertuak, azoka gastronomikoak...

Egitarauari berari dagokionez, aurten ere mundu osotik etorritako zapore kolore eta doinuak izango dira protagonistak. Hala,  maiatzaren 19ko gauean Esne Beltzak eta la Pegatina talde kataluniarrak jkontzertua eskainiko dute Eskoriatzan eta domekan, Bizardunak taldeko mutilek. Brasiletik, Madagaskartik eta Estatu Batuetatik etorritako musika doinuak ere ez dira faltrako.

Iaz bezala, Irrien Lagunak Klubak ere izango du bere presentzia Mundumiran, eta azokek ere ez dute hutsik egingo. Hala, mendi eta senderismo azoka egongo dira, baita Gobernuz Kanpoko Erakundeena eta artisautza azoka ere. Berrikuntza baina, Slow Food azoka izango da, izen bereko filosofiarekin bate egiten duena. 

Kalejirak, kale animazioa, dantzen erakustaldiak, mendi ibilaldiak, ikusentzunezkoak... Aurten ere denetariik ekarriko du Mundumirak.

Eta tradizio den legez, Mundumiraren elastikoa ere atera dute, jaialdiaren webgunean eskuratu ahal dena eta laster hainbat establezimendutan salgai jarriko dutena; elastikoaren salmentekin ateratako dirua, bailarako Gobernuz Kanpoko Erakundeendako izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak