Aurtengo Kameratoian izena emateko epea zabalik dago

Usoa Agirre 2012ko martxoaren 27a

Kameratoia, Euskal Herriko VIII. Ikus-entzunezkoen Rallya, Gernika-Lumon izango da maiatzaren 12tik 26ra.  Lehiakideek bost egun izango dituzte hiru eta zortzi minutu bitarteko bideoa grabatu, editatu eta aurkezteko. Izena emateko epea apirilaren 27ra arte egongo da zabalik www.kameratoia.com webgunean.

Azken zazpi urteotan bezala, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak KAMERATOIA Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallya antolatu du, Gernika-Lumoko Kultur Etxearen babesarekin.

Lehiaketaren helburuak gazte euskaldunen sormena bultzatzea eta ekoizpen artistikoa gizarteratzea dira. Horretarako, bost eguneko epea dute ikus-entzunezko lan baten gidoia idatzi, irudiak grabatu, edizio lanak burutu eta jendaurrean aurkezteko, beti ere antolakuntzak jarritako gai bati eta ezaugarri batzuei jarraiki. Kameratoilariek maiatzaren 12an jasoko dituzte bideoak egiteko gaia eta islatu beharreko irudien zerrenda.

Sariak

Gazteek bost eguneko epea izango dute bideoa pentsatu, egin eta aurkezteko. Beranduenez ere maiatzaren 17an aurkeztu beharko dituzte bideoak, eta orduan hasiko da epaimahaiaren lana. Aurreko edizioetan bezala, epaileek hiru sari emango dituzte, 1.500, 1.200 eta 900 eurokoak.

Behin epaimahaiak erabakia hartuta, maiatzaren 26an lan guztien emanaldia eta sari banaketa izango dira Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan. Bertan jakinaraziko dira irabazleen izenak.

Aurreko edizioetan Eibarren, Aiaraldean, Elgetan, Donostian, Bermeon, Ermuan eta Uribe Kostan parte hartu zuten gazteek argi utzi duten moduan, gazte euskaldunen artean badago hori eta gehiago ere egiteko irudimena eta gaitasuna. Halaxe erakusten dute urtez urte teknika zein eduki aldetik etengabe hobetuz doazen lanek.

Hemen dituzue lehiaketako oinarriak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak