Bi hilabete eta erdi bakarrik falta da ospitale berria inauguratzeko

Leire Kortabarria 2012ko mar. 30a, 14:30

Debagoiendarrok luzaroan zain izan dituen ospitale berria ia guztiz gertu dago, eta ekainaren 18an inauguratuko dute. Momentu horretatik, erabiltzaileok hara joan beharko dute oraindik gaur egungo ospitalean egiten dituzten egiteko eta zerbitzu guztietarako.

Ospitalea zelakoa den ikusi:

Ospitaleko gerenteak, Antonio Arraitzak, inaugurazio-data hori jarri izana "helburu anbizioduna" dela esaten du, eta "jende asko lan handia" egiten dabilela dena borobiltzeko: "Elektrizitate, gas, iturgintza instalazioak eginda daude, eta dena ondo dagoela eta segurua dela egiaztatzen dabiltza". Ospitalearen atzealdea urbanizatzea eta aparkalekuak egitea ere falta da. Azken hilean, dena garbituko dute eta bulego zein ospitale-ekipamenduak ipiniko dituzte.

Ospitale izateko diseinatua 

"Ospitale baten bihotza hementxe dago, eraikin berrian", esaten du Antonio Arraitzak: kirurgia osoa –sei ebakuntza-gela (orain lau dira), ospitaleratze bako 10 kirurgia-unitate (bost daude) eta anestesia ondorengorako zortzi postu (orain hiru dira), dena 1. solairuan. Bigarren eta hirugarren solairuetan, gelak daude, hau da, ohiko ospitaleratzea; laugarren solairuan, Haur-Ama unitatea; behe-solairuan, Larrialdiak –orain ez bezala, larrialdiek bere sarrera zuzena izango dute, atzealdean, hain zuzen ere– eta Erradiologia. 

Zerbait azpimarratzekotan, honakoa azpimarratzen du Antonio Arraitza gerenteak: "Ospitaleratzeari dagokionez 40 urte dituen ospitale batetik eta berez ospitale izateko propio diseinatu ez zen eraikin batetik honakora pasako gara: ospitale izateko diseinatua, zaharraren hiru halako metro koadro dituena, teknikoki askoz hobea eta askoz erosoagoa, eta pazienteek hori igarriko dute".

Eguneko Ospitalea indartu 

"Gela handiak" direla azpimarratzen du gerenteak. Honela dio: "Ekainean, 95 oherekin hasiko gara, baina 110 ohe eduki ditzake ospitaleak. Uste dugu 95 nahikoak direla Debagoieneko beharretarako". Bakarkako 23 gela izango dira; bikoitzak, 36; eta lau isolamendu-gela. Gaurko ospitalean, denetara 36 gela dira, denak bikoitzak. 

Ohe guztiak hiru solairutan banatuko dira: 2.ean, kirurgia-ospitaleratzea (34 ohe); 3.ean, mediku-ospitaleratzea (44); eta 4.ean, Haur-Ama unitatea (17). Gainera, susperraldirako edo gaixondorako, konbalezentziarako ere erabiliko dira oheak, orain arte ez bezala. Erresonantzia magnetikoak egiteko unitate mugikorra dagoeneko lanean da. Bestalde, Zaintza Paliatibo Unitate berria ere izango da.

Haur-ama Ospitaleratze Unitatea berria da –gaur egun, bestelako pazienteekin batera ospitaleratzen dituzte ama eta ume jaioberria– eta hiru erditze-gela izango ditu, orain baino bat gehiago; baita dilatatzeko bainuontzia ere. Gelak banakakoak izango dira. Bestalde, endoskopiak egiteko unitate espezifikoa izango da ekaina ezkero.

Eskaintza beste modu batzuetara ere hobetuko du Debagoieneko Eskualde Ospitaleak: hala, Eguneko Ospitaleratze unitateari garrantzi handiagoa eman diote arduradunek. 2010ean, %32 handitu zen zerbitzu hori, eta handitzen jarraitzeko joera du. Kirurgia anbulatorio nagusirako –gaua ospitalean ematerik eskatzen ez duena– joaten diren pazienteendako edo zaintza konkretu batzuk behar dituztenendako da zerbitzu hori. Arraitzaren esanetan, "kirurgia, gero eta gehiago, anbulatorioa da, eta eskualde ospitale baten, are gehiago. Horregatik, Eguneko Zentroa, bost postu izatetik, 10 edukitzera pasatuko da".

Etorkizunerako prestatuta 

Horrekin guztiarekin, Debagoieneko eta Aramaioko 63.893 biztanleei zerbitzua emango die ospitaleak. Honako ekintzak aurreikusten dituzte aurtengo: 5.471 ospitaleratze (2011n, 5.211), 3,65 eguneko batez besteko egonaldia (2011m, 3,48), 4.313 ebakuntza (2011n, 4.108); 37.784 larrialdi kasu atenditzea (2011n, 35.985), eta 600 erditze (2011n, 572).

Denborarekin, Neurologia, Endokrinologia eta Hematologia unitate medikuak ere izango dira –azken hori, Gasteizko ospitalearekin elkarlanean–, eta Urologia ebakuntzak ere egingo dituzte ospitalean. 2013an zerbitzu gehiago ipini gura dituzte, hala nola tratamenduan edo bularreko minbizirako kimioterapian dauden gaixoendako zerbitzuak.

"Gaur egungo eta etorkizuneko premien araberako tamaina du", esaten du Osakidetzak. Hala, helburuetako bat da gaur egungo erabiltzaileak gusturago egon daitezen ospitalearekin, "eta gaur egun batik bat eskaintza pribatua erabiltzen duten beste multzo batzuk (Lagun-Aro) erakarri", gaineratzen du Sailak.

Debagoienekoaren "erreferentzia ospitalea" Gasteizko Unibertsitate Ospitalea izango da, hango ospitale bateratu berria. "Betidanik izan da hala, eta aurrerantzean ere bai", esaten du Arraitzak.

Oraingo ospitalea berrantolatu

Proiektu berria ez da ekainaren 18an bukatuko. Gaur egungo ospitalearen eraikinean kanpo kontsultak, diagnosi probak eta bestelako zerbitzuak ipini eta 2014ko uztailean zabalduko dute berriz. Hori eta gero, gaur egun Larrialdiak eta sukaldea dituen eraikina bota eta beste 37 aparkaleku egingo dituzte han. Segidan, Lehen Arretako kontsultak handitu eta Arrasateko Buru-osasun Zentroa gaur egungo anbulatorioaren eraikinean ipiniko dute.

Azkenik, oraingo eraikina handitzeko aukera ere egongo da, beharra izanez gero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak