1. Langileen funtsezko eta norbanako eskubidea da greba egitea, eta babestuta dagoen eskubidea da. Lan-harremana arrunta zein ezohikoa izan, langile guztiek dute greba eskubidea. Egun osoan egin dezakete, edo egunaren zati baten. Gainera, langileak grebarekin bat egin dezake, edo, grebarekin aurrez bat egin badu, baliorik gabe utz dezake bategite hori.
2. Langilea ez dago derrigortuta enpresari aurrez esatera greba egin behar duen edo ez. Eztabaida dago enpresak galde diezaiekeen edo ez. Arrazoi praktikoegatik eta objektiboengatik, enpresak galde dezake informazio hori. Edozein modutan, erantzunak ez du langilea derrigortzen.
3. Enpresa-batzordeak, langileen ordezkariek edo langileek grebaz hitz egiteko batzarra egitea galdegin diezaiokete enpresari, 48 ordu lehenago abistatuta. Enpresak lantokiko leku bat utzi behar du horretarako, baina batzarra lanorduetatik kanpo egin behar da.
4. Lan-kontratua suspentsoan gelditzen da greba egiten denean. Horrenbestez, lan egiteko eta lana ordaintzeko derrigortasunak baliorik gabe gelditzen dira.
Beraz, greba egiten duen langileak ez du lanaldi horrengatik ordainsaririk jasoko. Kontuan hartu behar da, gainera, oinarrizko soldatari eta soldataren osagarriei eragiten diela horrek. Beraz, ez ditu jasoko asteko atseden-egunei dagokien zati proportzionala, ez eta aparteko ordainsariaren zati proportzionala edo enpresen irabazietako parte-hartzearen osagarria ere. Soldataz besteko sariak dira salbuespena.
Oporrak, ordea, kenketa horretatik kanpo gelditzen dira eta berdin izango ditu langileak, bai iraupenean bai eta ordainketan.
5. Enpresak ezingo du greba-eskubidea urratzen duen neurririk hartu. Beraz, greba egiteagatik inor kaleratuz gero, kaleratze hori baliorik gabe geldituko da. Ezin izango du ere bestelako zigorrik ipini. Gainera, greba egiten dabiltzan langileak ezin izango ditu ordezkatu, grebak irauten duen bitartean.
6. Ezohiko kasuetan, enpresak zerbitzu minimoak ezar ditzake. Kasu horretan, zerbitzu minimo horiek zeintzuk izango diren eta ze langilek egingo dituzten Greba Batzordearekin landu beharko du zuzendaritzak. Mantenimendu lanetarako, adibidez, ezar daitezke zerbitzu minimoak.
7. Langileak grebaren berri eman dezake, grebak irauten duen bitartean, eta pikete informatiboak egin ditzake. Baina ezin izango du beste langile bat hitzez edo ekintzaz koakzionatu hark greba egin dezan, eta ezin izango du beste langile batzuen kontrako edo enpresaren kontrako adierazpen iraingarririk egin.
8. Gizarte Segurantzari dagokionez, lanaldi osoko greba baldin bada, enpresak eta langileak ez dute kotizatu beharrik izango. Greba lanaldiaren zati baterako baldin bada bakarrik, lan egindako aldiari dagokion ordainsariarengatik bakarrik kotizatu behar da.
9. Greban dauden bitartean, langileak ezingo dira lantokira joan, Greba Batzordeko kideek izan ezik, eta horiek ere, bere eskubide eta betebeharretarako bakarrik.