Kultura zinegotzi Iñaki Agirreurretak jakinarazi digu azken hilabetean bi batzar egin dituztela eta egubakoitzean, martxoak 30, hirugarrena egiteko asmoa dutela. Hain justu ere, udaletxean egingo dute hori, 19:00etan. Horrekin batera gaineratu du hamar egun barru jaialdia antolatzeko batzordeak osatuta izan nahi dituztela.
Errepidea itxi eta autobusak
Denera, hiru batzorde egingo dituzte. Horietatik garrantzitsuena trafikoaz arduratuko dena dela esan genezake. Horren harira, honakoa esan digu Agirreurretak: "Gure asmoa da Gatzagako bidea ixtea, autobusak gora eta behera ibili ahal izateko. Horrek lan asko eskatzen du, eta horregatik da batzorde garrantzitsua". Txosna batzordea ere antolatzea nahi du Udalak. Hirugarrena, garbitasunarekin lotutakoa izango litzateke. Horretaz gainera, laugarren batzorde bat osatzeko asmoa dago; hain justu, udaletik zuzenean eroango den antolatzearena.
Gatzagarrak dagoeneko hasi dira batzarretan parte hartzen. Agirreurretak nabarmendu du biztanle gutxi dituen herria bada ere, bilkura horiek "nahiko jendetsuak" izan direla. "Gutxi gara, baina trebeak; herri mailan, laguntasun handia daukagu. Lehenengo bilerara 40 bat lagun etorri ziren, eta, gutxi gorabehera, kopuru horrekin kontatzen dugu. Horrekin nahikoa izango litzateke".
Jaialdiaz gozatu
Horren harira, Agirreurretak argi utzi nahi izan du lan egitearekin batera jaialdiaz gozatzeko aukera ere izango dutela boluntarioek. "Jende gutxi izanda, nire helburua zen nola uztartu lana eta gozamena. Egun polit gisa gogora ditzatela gura dut, eta gozatu ere egingo dugu".
Barikua, gatzagarrendako
Bestalde, Kultura zinegotziak aipatu du orain arteko zailtasun handiena izan dela Mundumira Leintz Gatzaga bezalako herri txiki batera egokitzea. Horren harira, azaldu digu egunean zehar egiten diren ekintzak egingo direla Leintz Gatzagan, eta bestelakoak Eskoriatzan. "Egubakoitz arratsaldean hasiko dira ekitaldiak; gatzagarrendako bakarrik izango dira horiek. Zapatu eta domekan, 10:00etatik 20:00etara bitartean dauden ekintzak hartuko ditu herriak", esan du.