Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Ekonomikorako Agentziak Mikro-Goiena izeneko programa abiarazi du. Debagoieneko mikroenpresen lehiakortasuna hobetzeko programa da. Hain justu ere, Compite programaren baitan –Sprilurrekin batera garatutako programa– eskualdeko mikroenpresei zuzendutako lan lerroa jarri du abian, bereziki 3 eta 10 langile artean dituzten enpresa txikiei laguntzeko. Garapen Ekonomikorako Agentziatik aurreratu dutenez, 15 eta 25 enpresa
Hiru helburu ditu
Mikro-Goiena programaren helburua hirukoitza da. Lehenengo helburua mikroenpresen beharrak identifikatzea da, gero, neurrira egindako hobekuntza plana diseinatzeko. Azkeneko urratsa, behar horiei erantzuteko ekintza plana martxan jartzea izango da. Urrats guztiak emanda, planak irailetik aurrera martxan egongo direla aurreratu dute Mankomunitatetik.
Esan bezala, 3 eta 10 langile artean dituzten enpresa txikiei zuzenduta dago programa, batez ere, industria –erauzketa, eraldaketa eta ekoizpena–, industriarekin lotutako zerbitzuak –prozesu-produktuarekin lotutakoak–, eraikuntza, handizkako merkataritza eta informazioaren gizartearekin eta komunikazioarekin lotutako mikroenpresei zuzenduta.
Izenematea zabalik dago
Programan parte hartzeko edo informazio gehiago jasotzeko 943 79 30 90 zenbakira dei daiteke edo enpresa@debagoiena.net helbidera idatzi, apirilaren 4a baino lehen. Garapen Ekonomikorako Agentziatik aurreratu dutenez, 15 eta 25 enpresa artean izango dira programaren onuradun.
Compite programa duela bi urte jarri zuten martxan Mankomunitateak eta Sprilurrekin eta ordutik askotariko programak landu dituzte. Hainbat jardunaldi egin dituzte, Lanbide Heziketako zentroekin hainbat programa, zerrailagintzaren gaineko diagnostikoa eta baita Debagoiena elkarlanean programa ere.