Haxixa, kokaina eta speeda trafikatzearren atxilotu dute eskoriatzar bat Arrasaten

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko martxoaren 23a

30 kilo haxix, beste 725 gramo kokaina eta anfetamina, eta 176.000 euro inguru, atzeman zituzten Arrasaten, atzo, Bergarako komisariako ertzainek. Eta 38 urteko eskoriatzar gizonezko bat atxilotu zuten, Debagoienean drogekin trafikatzea akusatuta. 

Arratsaldeko lehen orduan atxilotu zuten, Arrasateko San Andres auzoko Navas de Tolosa kalean. Bergarako ertzain etxeko agenteek susmagarriaren atzetik zenbiltzan aspaldian. Hala, atzo eguerdian atzeman zuten Eskoriatzako bere etxetik irten zenean, eta jarraitu egin zioten. Susmagarria Arrasateraino abiatu zen autobusez. Behin, Arrasaten, San Andres auzoan, auto batean sartu eta barruan egon zen minutu batzuetan. Autotik irtetera zihoanean atxilotu zuten ertzainek. 

Atxilotzeko momentuan, ordea, antxintxika ihes egin zuen eta bortizki aritu zen ertzainen aurka, Herrizaingo sailaren arabera. Atxilotuak, 200 bat poltsatxo, speed eta kokainazkoak, zeramatzan gainean; baita kilo erdi haxix, eta labana bat.

Atxiloketan aritu ziren hiru ertzain zaurituta gertatu ziren eta ospitalera eroan behar izan zituzten zauriak sendatzera. 

Arratsaldez, epailearen baimenaz, atxilotuaren etxea arakatu zuten Eskoriatzan ertzainek, eta han aurkitu zuten haxix, kokaina eta speed gehiago, eta 176.000 euro inguru. 

Herrizaingo sailak aditzera eman duenez, Ertzaintzak ikerketa irekita dauka eta atxilotua epailearen aurrera eroango du diligentziak egin ostean. 

Ertzainek hilabeteak zeramatzaten atxilotuaren atzetik, hain justu ere, Arrasateko San Andres auzoko hainbat tabernatan droga trafikoak gora egin zuela jabetuta. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak