Alkoholikoen familiei eta lagunei laguntza ematen dien elkartea da. Gipuzkoan 15 talde daude. Nik Eibarko taldearekin kolaboratzen dut. Gipuzkoan barrena askotariko ekitaldiak antolatzen ditugu; tartean, Antzuolan egin dugun hitzaldiaren antzerako beste asko.
Familiei eta lagunei babesa emateko lekua da, orduan?
Bai. Alkoholiko bat etxean edo inguruan duenak ezin du bere arazoa lau haizetara zabaldu. Alkoholismoa gertutik ezagutu dugunok iluntasunean sartuta egoten gara, beldurtuta. Al-Alon elkarteak argitasun apur bat ematen digu. Gure arazoaren gainean berba egiteko aukera izaten dugu.
Kontuan hartu behar da alkoholismoa urte askoko arazo izan daitekeela. Hasieran, arazo txikia da, baina, poliki-poliki, handitzen doa, eta, une jakin batean, arazo hori ezin daiteke ezkutatu. Orduan da beharrezkoa besteen laguntza.
Etxekoek edo lagunek baino azkarrago, kanpokoek antzematen dute alkoholismoa.
Alkoholikoa sendatzen denean, zer gertatzen da?
Alkohola baztertzen duenean, beste pertsona bat dirudi. Izaera aldatzen zaio, edo, akaso, alkoholarengatik ezkutuan izan duen izaera erakusten du. Adibidez, alkoholikoa zenean asko hitz egiten bazuen, sendatu ondoren isil-isilik egoten da. Horren aurrean, familiak ez daki ze jarrera erakutsi.
Lehenengo, ohitu egin behar dugu alkoholiko batekin bizi izatera, eta gero, bizimodua guztiz aldatu behar dugu sendatzen denean.
Zuk hiru alkoholiko izan dituzu etxean: aita, senarra eta ahizpa.
Hala da, eta horregatik hasi nintzen Al-Alon elkartean. Aita sendatu egin zen, eta beste pertsona bat dirudi. Familiaren laguntza ezinbestekoa da alkoholikoarendako, eta guk, zutik mantentzeko, beste batzuen laguntza behar dugu. Al-Alonen erakusten digute nola bizi, nola antolatu, zer egin, nola jokatu, nola tratatu... Berriro erortzen garenean, nola jaiki erakusten digute elkartean. Gizarteak ez gaitu ulertzen: ez senitartekoak, ezta alkoholikoak ere.
Baztertuta sentitzen zarete?
Bai. Alkoholikoa baztertu egiten du gizarteak. Edan egiten duelako, ezin dela errekuperatu uste dute. Egia da, batzuetan, gu geu baztertzen garela, gaixotasun hau oso gogorra delako.
Nor konturatzen da azkarrago alkoholismoaren arazoaz, alkoholikoa bera ala familia?
Oso zaila da lehen pausoa ematea. Beti topatzen dituzu aitzakiak alkohola edan duela justifikatzeko: lanean arazoak, diru falta, une txarrak... Guztiak balio du aitzakia moduan.
Baina, lehen pausoa emanda, sendatzea ez da alkoholikoaren lana bakarrik. Hura Alkoholiko Anonimoak elkartean hasiko da, baina etxekoek eta lagunek beste terapia baten beharra daukate. Al-Alon elkartera laguntza bila etortzen dira.
Gurekin lan egiten duen psikiatra batek dio alkoholiko batek sendatzeko lau hanka behar dituela: sendatzeko gogoa, bere kabuz terapiara joatea, familiaren laguntza eta medikuaren tratamendua. Horietako batek kale egiten badu, kili-kolo geratzen da pertsona hori.
Ze ondorio utz dezake alkoholiko batekin bizi izateak?
Asko. Seme-alaba txikiak dituzunean, eta etxean alkoholismoa badago, logelan sartu eta badirudi ez direla ezertaz jabetzen. Hori ez da horrela: badakite arazoren bat dagoela etxean, eta horrek etorkizunean ondorioak sortzen ditu. Adibidez, gurasoetako bat alkoholikoa bada, bikotekide alkoholikoa aukeratzeko portzentaje handia dago. Eta are gehiago esango dut: alkoholiko batengandik banatu ondoren, berriro bikotekidea topatzen duenak... hori ere alkoholikoa izango da. Bitxia da, baina portzentajea oso handia da.
Zein adin tartetan egoten da alkoholismo portzentaje handiena?
Denetarik dago: gazteak eta helduak. Etorri, sendatu eta berriro erortzen diren gazteak daude; sendatu eta bizitza berria egiten dutenak; sendatzen ez direnak... Gaixoen %60 sendatu egiten dira, lan handia eginda.
Gazteekin lan egitea zailagoa da, oso okupatuta daudelako. Behin terapian hastea erabakitzen dutenean, pauta batzuk jarraitu behar dituzte. Lana dela edo beste kontu bat dela, asko ez dira erregularrak.
Horregatik egiten ditugu hitzaldiak han-hemenka. Ozen esaten dugu: lan eginda eta sufrituta alkoholismoa gainditu egin daitekeela.
Ze pertsona joaten dira zuen hitzaldietara?
Normalean, informazio eske datoz gehienak. Gaixoa medikuarengana edo gizarte laguntzailearengana joaten da.
Elkarrizketa irakurri ondoren, zuekin hartu-emanetan jarri gura duenak zer egin dezake?
Al-Alon elkartearen atarian dago informazio guztia: www.al-anonespana.org. Bestela, 650 26 59 63 telefonora dei dezakete gurekin berba egiteko.