Greba eguneko gutxieneko zerbitzuak zehaztu ditu Jaurlaritzak

Leire Kortabarria 2012ko martxoaren 23a

Martxoaren 29rako deitutako greba orokorrean, gizartearentzako ezinbesteko zerbitzuak ziurtatzeko Agindua onartu du gaur Enplegu eta Gizarte Gaietako sailak. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratuko da bihar eta zerbitzu minimoak ezartzen ditu.

Hona hemen Agindu horren laburpen bat.

1) Osasun-zerbitzu publikoak nahiz pribatuak ematen dituzten enpresek eta erakundeek honako zerbitzu hauek eman beharko dituzte:

a.- Ospitaleak: alta medikoak, larrialdiak, sukaldea, janari-banaketa eta ospitaleratutako gaixoak behar bezala zaintzea. Aurrez zehaztu diren eta geroraezinak diren tratamendu onkologikoak eta dialisi-prozesuak ere egingo dira. Horretarako, jaiegunetan lan egin ohi duten langileek jardungo dute. 

b.- Lehen mailako arreta, betiere Lehen Mailako Arretako Unitate bakoitzeko buruetan honako langile hauek daudela: arretako mediku bat zentroan, pediatra bat, etxeko arretako mediku bat, arretako erizain bat zentroan, etxeko arretako erizain bat eta zelari eta bezeroaren arretarako profesional bat.

c.- Larrialdi-zerbitzuak eta atentzio iraunkorreko guneak: % 100.

2.- Garraio sanitarioaren sektoreko enpresek honako hauek beteko dituzte:

a) Larrialdi-zerbitzuak. Larritzat hartuko da Koordinazio Zentro batek eskatzen duen edo mediku-akta baten bitartez egiaztatzen den garraio sanitarioa.

b) Hemodialisi- eta onkologia-tratamenduetarako eta eguneko ospitalerako programatutako garraioa.

c) Odolaren eta hemoderibatuen garraioa.

d) Telefonia-zerbitzua: ohiko langileen % 25ek egin beharko dute.

3.- Udal-hilerrietan, hilobiratzeak eta errausketak, ezinbestekoak direnean eta horretarako alternatiba bideragarririk ez dagoenean.

4.- Herri Administrazioetako bide-segurtasuneko zerbitzuak eta larrialdiei aurre egiteko zerbitzuak.

5.- Egoitza geriatrikoetan eta eguneko zentroetan, eta mendetasuna edo ezintasuna duten pazienteak hartzen dituzten egoitzetan, zuzeneko arretako zerbitzuak eman beharko dira, plantillaren %50arekin, goizeko 08:00etatik 10:30era bitarte eta 20:00etatik 22:00etara bitarte izan ezik, eta janaria emateko ohiko ordutegian izan ezik. Bestalde, langile sanitarioen eta sukaldekoen erdiek lan egin beharko dute. Era berean, eguneko zentroetara joaten diren mendekoen garraio berezia bermatuko da, beste alternatibarik ez dagoenean.

6.- Adingabeen egoitzetan, etxebizitza komunitarioetan eta esku-hartze sozialerako zentroetan, jaiegunetako zerbitzuak emango dira. Etxez Etxeko Laguntza Sektorean ere, jaieguneko premiazko zerbitzuak eman behar dira.

7.- Irakaskuntza-zentroetan, sarrera-kontrola bermatu beharko da Aginduak zehazten duen gutxienekoekin.

8.- Bidaiarien garraioko enpresek lanegunetako ohiko zerbitzuaren % 30aren baliokideak diren zerbitzuak eta maiztasunak mantenduko dituzte, arreta berezia eskainiz lanera sartzeko eta handik ateratzeko ordutegiei. 

9.- Ordainpeko autobide eta tuneletan, azpiegitura segurtasun-baldintza egokitan eta jaiegunetako langileekin funtzionamenduan egongo dela bermatuko da. 

10.- Gasolina-zerbitzuguneen % 30 zabalik egon beharko dira.

11.- EAEko hiru hiriburuetan, dokumentuak erregistratzeko zerbitzuak ere lanean izango dira, Zuzenean zerbitzuaren bidez.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak