Nork bere buruarengandik ikasteko saioa Baketikekin

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko martxoaren 23a

Martxoaren 30etik apirilaren 1era arteko ikastaroa antolatu dute, Arantzazun. Helburua da parte-hatzaileei euren esperientzietatik ikastea ahalbidetuko dieten tresnak eskaintzea.

Martxoaren 30etik apirilaren 1era, ostiraletik igandera, Baketik-ek Nork bere buruarengandik ikastea izenburua daraman ikastaroa eskainiko du. 

Baketik-eko ordezkarien esanetan, gutako bakoitza irakasle aparta izan daiteke norberaren buruarentzat. Geure zailtasunak, gatazkak, bizipenak, lorpenak, pozak edota porrotak eraldaraziko eta haziaraziko diguten ikasgai onenak dira. Ikastaro horren helburua geure eskarmentua aprobetxatzen ikastea da: bai bizitza pertsonalerako eta baita besteekin bizitzeko ere. 

Isiltasuna tresna moduan

Bere metodologiak isiltasunezko tarte zabalak hartzen ditu norberak bere buruari entzuteko, norberaren gozamenerako eta egonaldiari probetxu ateratzeko. Ikastaroa funtsezko tresna didaktikotzat isiltasuna duen bizizikasi pedagogian oinarritzen da. Ezinbestekoa da geure buruari entzun, geure burua ulertu eta geure buruarengandik ikasi ahal izateko.

Bi egun eta erdiko ikastaroa da. Ostiralean, martxoaren 30ean 17:00etan hasi eta igandean, hilaren 1ean, 19:00etan amaituko da. Ikastaroaren matrikula 90 eurokoa da eta ostatuagatik (gastu guztiak barne) 70 euro ordaindu beharko dira.

Izen-ematea 943 25 10 05 telefonoan egin daiteke edo info@baketik.org helbidera idatzita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak