Niñok dioenez, "ez gaude krisi arrunt baten aurrean, eredu agortu baten amaieran" baizik, eta konparaketa egin zuen: biizidun guztiak jaio eta hiltzen diren moduan, "eredu ekonomikoak ere" hiltzen direla esan zuen.
Krisi-urteen ezaugarriak izendatu zituen: 2007an eredua agortzen da; 2008an ekonomia nekatuta geratzen da; 2009an E planak jartzen dira abian "gidaliburuei jarraiki berpizte ekonomiko baten bila". Horren ondorioa ere azaldu zuen: "Estatuaren zorpetze maila %11,2ra handitu" zela. Irtenbide horrek "porrot egin" ondoren, "2010eko crash-a" etorri zen.
Ez da lortuko defizita txikitzea
Gero, etorkizun hurbilera begira jarri zituen entzuleak, eta aurreikuspen ilunak azaldu zituen: "Raxoik prestatuta dituen aurrekontuak ikusi dituztenek diotenez, beldurra emateko modukoak dira. Estatuaren gastua izugarri jaitsiko da eta sarrera publikoek gora egingo dute; hori guztia, defizit publikoaren maila %5,3ra jaisteko 2012ren amaieran". Baina, Niñok dioenez, "ezinezkoa" izango da defizita maila horretara jaistea. "Hori uste dugu sinetsi beharra dugulako, baina Barne Produktu Gordinaren %1,7ko aurreikuspena, %24 langabezia tasa eta aipatu defizita bateraezinak dira", esan zuen.
Bere iritziz, Espainiaren BPGk txikitzen jarraituko du eta "bi urte hauetakoa hurrengo hamarkadetako iragarpena izango da". Zehazki, Espainiari begira eta 2005eko BPGri 100eko balorea emanaz, 2050erako horren %76-77a izango dela kalkulatu du: hau da, beste eredu bat datorrela, "dudarik gabe".
"Koordinatu egin beharko gara"
Lehengora itzultzea "ezinezkoa" izango da, adituaren iritziz. Bere esanetan, hauek dira etorkizuna sendotuko duten lerro nagusiak:
- Postglobalizazioa: "Guztiok, estatu eta herri guztiok batera egin beharko dugu aurrera modu koordinatuan".
- Geometria aldakorra: "Ezinezkoa izango da guztiok modu berdinean aurrera egitea. Batzuek abiadura baten eta modu baten, eta beste batzuek beste abiadura baten eta beste era baten egin beharko dute".
- Optimizazioa: Teknologia berriak gakoa izango dira, Niñoren ustez.
- Eraginkortasuna: "Ezinbesteko helburu bilakatuko da".
- Lankidetza: "Lankidetza lotuneak eta koordinazio sareak beharrezkoak izango dira jarduera ekonomikoari eusteko; klusterrak, adibidez".
- Erreminta berriak: "Erreforma fiskala, logistika, trazabilitatea, ezkutuko ekonomiaren arazoari irtenbide bat ematea eta Udalen rola indartzea".
Hala ere, honek guztiak ez du bermatuko BPG handitzea edo langabezia txikitzea; aitzitik, "egiturazko langabezia maila handiekin bizi izaten ikasi beharko dugu, 1980. urtetik hona teknologia berriak eta produktibitatearen hazkundea dela eta, hazkunde ekonomikoa bide batetik eta lan faktorearen beharra bestetik joan direlako".