Zehazki, bazkide jabe berrietatik 791 Andaluziako langileak dira, 582 Valentziako Erkidegokoak, 559 Gaztela eta Leongoak, 514 Murtziakoak, 428 Gaztela-Mantxakoak, 337 Kataluniakoak, 291 Asturiaskoak, 267 Galiziakoak, 135 Aragoikoak, 97 Kantabriakoak, 85 Extremadurakoak, 44 Ceutakoak eta 12 Kanarietakoak.
Eraldaketa 2009ko urtarrilean hasi zen, Eroski kooperatibako Ezohiko Batzar Nagusiak orain burutu den proiektua onartu zuenean, hipermerkatu eta supermerkatuen sozietate zibilak kooperatiba misto bihurtzeko. Prozesua Batzar Nagusiak eginez amaitu berri da.
"Benetan poztekoa da"
Eroskiko lehendakari Agustin Markaideren hitzetan, “benetan pozteko motiboa da eredu kooperatiboa Eroski Taldeko langileen artean hedatzen jarraitzea. Langileen borondatekoa funtsezkoa izan da aldaketarako, beraien erabakiz jabetzan, gestioan eta emaitza ekonomikoetan parte hartzen hasiko baitira, eta gure enpresa ereduko bazkide langilearen figurari berez dagokion protagonismoa lortu baitute”.
Erabakiaren bitartez langileak kooperatibo misto batean sartu dira, eta Banaketa Taldearen sozietate matrizea den Eroskiren antzeko barne antolamendua izango dute.
Bi kooperatiba misto berri horien sorrerarekin, Eroski Taldeak hala nahi izan duten langile guztien artean bazkide kooperatibistaren egoera sustatzeko urratsa egin du. Ondorioz, langile talde osora zabaltzen da Eroski kooperatibako langile bazkideen berezko izaera soziolaborala, eskubide eta betebeharrei buruzko berdintasunean.
Eredua "zaindu eta indartu"
Eroski Taldeak zuzendaritza bakarra izaten jarraituko du; Eroski matrizeak erreferentziazko sozietate izaten jarraituko du, eta bertan izango dira Eroski Taldeko zuzendaritza eta berak erabakiko du xede soziala.
Ekimenaren bitartez Eroskiren "kudeaketa eredu kooperatibo berezia zaindu eta indartu nahi da, eta talde osoari eraginkortasuna eta lehiakortasuna gehitu, aurrerantzean langileek konpromiso handiagoa izango baitute, bazkide jabeak diren heinean eta enpresaren kudeaketan eta emaitzetan parte hartuko duten heinean", esan du Eroskik.