Hipertentsioaz arituko dira datorren astean Arrasaten eta Aretxabaletan

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko mar. 21a, 17:39

Alberto Montero eskualde ospitaleko barne medikuntzako sendagileak egingo ditu bi hitzaldiak. Hilaren 26an eta 27an izango dira.

Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratuak Ezagutu eta kontrolatu zure arterietako hipertentsioa izeneko aurtengo bigarren Osasun Ikasgela antolatu du. Hilaren 26an, Arrasateko Kulturaten izango da, 19:00etan eta 27an, Aretxabaletako Arkupen, 19:00etan. Alberto Montero sendagileak emango ditu azalpenak.

Besteak beste, ikasgelak honako puntu hauek jorratuko ditu: arterietako hipertentsioa zer den, zerk eragin dezakeen, nola prebenitu, arriskuak, tratamentuak eta aholkuak.

Alberto Monterok emango ditu azalpenak

Alberto Montero Debagoieneko Ospitaleko barne medikuntzako sendagilea da. Bere eginkizunen artean, Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratuko osasun zentroetako familia medikuekin harremanetan ari da, bera baita familia medikuek medikuntza espezializatuan duten erreferentziazko internistetako bat.

Gasteiztarra izatez, Zaragozako Unibertsitatean ikasi zuen medikuntza eta Iruñako Klinika Unibertsitarioan egin zuen Barruko Mediku Egoiliarraren espezializazioa. Bertatik kanpo errotazioak egin zituen Gasteizen Etxeko Ospitalizazioan eta Gurutzetako Ospitaleko Barne Medikuntzan. Kurrikulum onenen artean egoteagatik, Brightoneko Unibertsitatera joateko beka eman zion Espainiako Barne Medikuntza Elkarteak.

Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratua

Osakidetzak 2011ko abenduan sortu duen zerbitzuen antolaketa berria da eta artatze modalitate biak (lehen mailakoa eta espezialdua) uztartzen ditu erakunde bakar batean, pertsonek zerbitzu bakoitzetik hartzen duten artatzea integratzeko eta koordinatzeko helburuarekin. Bere baitan hartzen ditu abendura arte Debagoieneko Ospitalea izan dena eta Arrasateko, Aramaioko, Aretxabaletako, Eskoriatzako, Leintz Gatzagako, Bergarako, Oñatiko eta Antzuolako osasun zentroak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak