'Udako Abenturak' uztaileko udalekuetan izena emateko epea zabalik

Maider Arregi 2012ko martxoaren 20a

Hirugarren urtez jarraian Udako Abenturak izeneko uztailerako udalekuak antolatu dituzte Bergara, Arrasate eta Soraluzeko euskara elkarteek. Adinaren araberako hiru eskaintza prestatu dituzte, betiere 10 eta 16 urte arteko gazteendako eta izenematea gaur zabaldu dute. Gaur goizean, Bergaran aurkeztu dituzte udalekuok, Arrasateko Txatxilipurdi, Bergarako Jardun eta Soraluzeko Pil-Pilean euskara elkarteek.

Udako Abenturak izenaren baitan 10 urtetik 16ra arteko gazteendako eskaintza egin dute, eta euskara ahoan dutela herri desberdinetako gazteek elkar ezagutzeak duen garrantzia azpimarratu dute.

Elkarteok uztailerako egin duten eskaintza hirukoitza da; adinaren arabera banatutakoa.

  • 10 eta 12 urte artekoek Zerainen zabaldu berri duten aterpetxera joateko aukera izango dute Jardun eta Txatxilipurdikoen eskutik. 36 lagunendako 9 eguneko bi txanda egongo dira. 
  • 12 eta 14 artekoek, berriz, Orion kanpatzeko aukera izango dute bi txandatan. Txatxilipurdik 16 urte daramatza kanpaleku hori antolatzen, eta aurten berrikuntzak izango ditu. Orioko Udal kanpinera joan beharrean Orio eta Aia artean dagoen Singira kanpinera joango dira. Osterantzean, ez dute udalekua gehiegi aldatuko, orain artekoarekin oso ondo joan zaie-eta.
  • 4 eta 16 urte arteko gazteei dagokienez, Kosta ala Kosta izeneko udaleku ibiltaria egiteko aukera izango dute. Araban hasi eta Gipuzkoako kostaldera arteko ibilaldia egingo dute.

Maiatzaren 11ra arte

Hiru udalekuetarako izenematea gaur zabaldu dute, maiatzaren 11n amaituko da horretarako epea, eta Jardun, Txatxilipurdi eta Pil Pilean elkarteetan eman daiteke izena.

Prezioari dagokionez, 275 euro dira udaleku bakoitza eta euskara elkarteetako bazkideek eta familia ugariek merkeago izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak