Kutxa Ekoguneak jasangarritasunaren aldeko ekintzak egiten jarraitzen du eta horren adibide dugu Ekogune telebista saio berria. Proiektu hau Goiena Komunikazio Taldearen eskutik garatu da azken hilabeteetan eta bihar, eguaztena, estreinatuko da gaueko 22:30ean.
Euskal gizarteak kontzientziatik ekintzetara pasatzeko urratsak eskainiko ditu Ekogune saioak. Horretarako, ekologia eta jasangarritasuna modu erraz eta ulergarrian azalduko dira. Keinu txiki batzuk eginez eta ohitura txar batzuk baztertuz, uste duguna baino askoz ere gehiago egin dezakegula probatu nahi dute Ekogune saioarekin.
Kolore guztietako edukiak
Garaiko produktuekin errezeta gozoak egiten ikasi nahi? Nola irakurtzen da argindarraren faktura? Zure etxeko balkoian baratza bat egin nahi?
Julen Iriondo kazetariak ordu erdiz aurkeztuko duen Ekogune saioak erreportajeak, elkarrizketak eta herritarrei zuzendutako hainbat aholku baliagarri eskainiko ditu eguaztenero Gipuzkoako tokiko telebistan hauetan: Goierri telebistan, 28 kanalean, Erlo telebistan, Hamaika Donostian eta Goiena telebistan. Baita Oizmendi telebistan, Hamaika Bilbo telebistan eta Xaloa telebistan ere.
Horrez gain, Erkidego guztian ere ikusi ahal izango da Euskalteleko zuntz optikoaren bidez.
Interneten zabalkundea
Ekogune-k internet izango du zabalkunderako erreminta garrantzitsua. Astero www.ekogunea.net atarian izango dira ikusgai saio guztiak. Sare sozialetan, Julen Iriondo Ekogune-ko erreportariak bat-bateko informazioa eskainiko du Twitterren (@juleniriondo) eta Facebooken bidez.
Horrez gain, eduki guztien berri izateko aukera izango dute sareko erabiltzaileek www.facebook.com/ekogunea, tokiko.tv eta Youtubeko kanal berriaren bidez.
Euskararekiko konpromisoa
Hizkuntza eta kultura aniztasuna ildo estrategikoari jarraituz, Kutxa Ekoguneak euskararen aldeko apustua egiten du, hizkuntza ekologiaren gaiari helduz. Modu horretan hizkuntza erabilera balioan jarri nahi dute, jasangarritasunaren ikuspuntutik.
Hizkuntza‐ekologiaren gaia gure gizartean nahiko berria da, eta horregatik ezinbestekotzat jotzen dute fenomeno hori ulergarri egitea.
Eremu berri xamarra da, garatzen ari dena, baina jarreretarako, eta ekintzetarako norabide bat proposa dezakeena.
Bihar, eguaztena, 22:30ean
Gogoratu Ekogune saio berria bihar, eguaztena, 22:30ean estreinatuko dela Goiena telebistan.
Lehenengo atalean, hilaren 22an Uraren Nazioarteko Eguna dela-eta, UNESCO Etxeko Nekane Viota biologoa elkarrizketatuko du Julen Iriondok Bilbon.
Erreportajean, berriz, Olaiaren erronka ezagutuko dugu. Olaia Pasai Antxon bizi da kalean dagoen kristalezko "etxe" batean eta bere erronka da berarekin bizi den mutil-lagunari birziklatzen erakustea.