AVAk prentsa-ohar baten bidez eman du horren guztiaren berri. Eta datu batzuk eman ditu: gaur egun, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian 175.000 lagun daude autonomo gisa Gizarte Segurantzan afiliatuta, iaz baino 5.000 gutxiago. Gainera, 2012ko urtarril eta otsailean, egunero 60 autonomo gutxiago izan dira EAEn. 2011n zehar, Euskadiko autonomoen kopurua %1,3 murriztu zen.
AVAk esan duenez, autonomoen %68k formazio beharra dutela onartu dute. Bestalde, autonomoen erdiek baino gehiagok (%52) nolabaiteko formazioa jasotzeko ekintzetan parte hartzen du normalean.
Euskadiko autonomoen elkarteak esan duenez, autonomo gehienek "oro har, ez dakite" askorik Enplegurako Formazio Sistemaren gainean, autonomoek kontratatutako langileendako laguntzen gainean, euren premia zehatzen inguruko formazio aukeren gainean edo euren konpetentziak errekonozitzeko moduen gainean. Horretarako ipini du martxan zentroa. Bihar, eguaztena, aurkeztuko dute proiektu hori Gasteizen Espainiako autonomoen elkarteko presidente Lorenzo Amorrek, Ekonomia Sozialeko zuzendari Felipe Iarrituk eta Hobetuzeko zuzendari orokor Juan Carlos Ibarrolak.