Santiago Niño Becerra, Ekonomisten Elkargoaren 10. Foroan

Leire Kortabarria 2012ko martxoaren 19a

Krisia iragarri zuen Santiago Niño Becerra adituak krisiaren ikuspuntu, neurri eta aurrekariei buruz konferentzia emango du etzi, eguaztena, Donostian. Ekonomisten Euskal Elkargoak ALCE Fundazioaren babesarekin antolatu du bere 10. Ekonomista Foro gisa. Interesa duen edozeini zabalik dago, nahiz eta ekonomistei zuzenduta egon.

Ekonomisten Euskal Elkargoak, bazkide eta ekonomisten  arteko  elkargune bezala, bere ohiko eta lanbidea sustatzeko jardueren artean eta ALCE Fundazioaren babesarekin, gaurkotasun gaiko 10. Ekonomista Foroa antolatu du. Gaur, 220 profesional espero dituzte, gehienak ekonomistak eta besteak ekonomia eta enpresarekin zerikusia dutenak.

Ezinbestekoa da aurrez izena ematea foroekonomista@ekonomista.org e-posta helbidean edo 943  01 14 96 telefonora deituta.

Santiago Niño Becerrak, gaur egungo krisi ekonomikoa 2006an iragartzeagatik ezaguna denak, egoera ekonomikoarekin zerikusia duten galdera batzuk erantzungo ditu: Non gaude orain? Nola iritsi gara honaino? Zein egoeratan gaude? Krisiak noiz arte iraungo duen jakin dezakegu? Zer egin dezakegu bertatik irteteko?

Krisia, 2020ra arte

Bartzelonako Ramon Llull Unibertsitateko ekonomia egituraren katedraduna da Niño Becerra 1994tik. 2006an neurri handiko krisi ekonomikoa berehala gertatuko zela esan zuen. 2009ko udaberrian El crash del 2010 argitaratu zuen. Bertan, Niño Becerrak 29ko crack-arekin paralelotasun bat azalduz, krisi sakon bat aldarrikatu zuen, geroagokoa eta luzea, 2020ra arte luzatu zitekeena.

Bere argitalpen nabarmenenak Más alla del crash. Apuntes para una crisis eta El crash del 2010 dira. Denetariko euskarritan 2.000 artikulu baino gehiago idatzi ditu: La Carta de la Bolsa euskarri digitalean, Alta Dirección, Boletín Económico de ICE, Cinco Días, Expansión, l’Econòmic, Jornal Publico, Bondia, El País, Diário Económico, Tribuna d’Economia edo De Morgen. Gainera, maiz komunikabide idatzi eta ikus-entzunezkotan azaltzen da solaskide gisa, bai Espainian, Europan zein Latinoamerikan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak